Atzo egin zituzten PCR probetan, 165 lagunek eman dute positibo Hego Euskal Herrian. Araban, seik; Bizkaian, 45ek; Gipuzkoan, 63k; eta Nafarroan, 51k. Nafarroako kasuen ia erdiek, 25ek, Mendillorriko agerraldiarekin lotuta daude. Han, 94 kasu atzeman dituzte denera.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak birsorkuntza tasaren (R0) berri ere eman du. Gaitza duen pertsona batek zenbat kutsatu ditzakeen adierazten du, eta hazi egin da asteburuan: 2,27 zen larunbatean, eta 2,21 atzo. Bestalde, kutsatu kopurua larunbatekoa (197) baino apalagoa izan bazen ere, PCR proba gutxiago egin zituen Osakidetzak atzo. Ostiralean, 4.997 proba egin zituzten, larunbatean 5.747, eta atzo, berriz, 3.560. Hau da, ostiralean baino ia 1.500 proba gutxiago, eta larunbatean baino 2.000 gutxiago.
Itxialdian koronabirusak gutxien jo zituen herrialdeetako bat izan ondoren, Gipuzkoan ari da orain birusa indarra hartzen. Ordiziako fokuaren ondotik, beste batzuk sortu dira: Getaria, Zarautz, Tolosa, Eibar, eta atzo nabarmen ugaritu ziren kasuak Bergaran ere. Badirudi Getaria, Zarautz eta Tolosako fokuak apalduz doazela: Tolosan bi kasu atzeman ziren atzo, eta Getarian bat bera ere ez. Zarautzen sei izan ziren positiboak, baina larunbatean baino nabarmen gutxiago, 35 izan baitziren orduan. Eibarren, ordea, kasuek ugaritzen jarraitzen dute: 21 positibo detektatu zituzten larunbatean, eta 24 atzo. Bergaran ere, gora egin du positiboen kopuruak, 11 kasu detektatu baitituzte.
Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbatean jakinarazi zuen foku bat sortu zela Ermuan (Bizkaia): 48 kasu detektatu ziren, batik bat Eibarko eta Zarauzko fokuekin lotuta. Atzo beste 23 kasu izan ziren herrian. Ermuko Udalak gazteei ohartarazi die birusa arriskutsua dela haientzat ere, eta arduraz jokatzeko eskatu die. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dio positibo gehienak 16 eta 22 urte bitarteko gazteenak direla.
Aisialdi eta parranda giroan gertatu dira azken egunetako kutsatze gehienak. Selektibitate osteko ospakizunekin lotu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat foku, eta, ondorioz, kasu gehienak gazteen artean atzeman dituzte. 10 eta 29 urte bitartekoak izan ziren larunbatean positibo eman zuten herritarren ia %70, eta atzo %57.
COVID-19 gaitza duen gaixo bat ospitaleratu zuten atzo Nafarroako Ospitale Gunean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaixo bat ospitaleratu dute gelan, eta bi, berriz, zaintza intentsiboetako unitatean.
Nafarroako agerraldiak
Gainera, beste bi agerraldi detektatu dituzte Iruñean. Bata, Alde Zaharreko ostatu batean. Bi kasu atzeman dituzte, eta lau dira denera. Bestea, familia batean. Lau kasu berri atzeman dituzte, eta aurretik zenbatutako beste batekin lotu dituzte horiek.
Artundok lehenagoko agerraldietako datuak ere eguneratu ditu. Tuterako ezkontzarekin lotutako beste kasu bat detektatu dute, eta 42 dira denera. Iruñeko familia batean bosgarren kasua atzeman dute. Beste bi Iruñea iparraldean, eta agerraldi horretan zortzi lagun kutsatu dira denera. Eta uztailaren 6ko gosariarekin lotutako beste kutsatu bat atzeman dute; 25ek eman dute positibo guztira.
Larunbateko datuak
Larunbatean, koronabirusak kutsaturiko beste 256 lagun detektatu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Apirileko zenbakien parekoak dira, Euskal Herria konfinatuta zegoenekoak. Joan den astean etengabeko gorakada izan da, eta astea hainbat fokurekin hasi da gaur. Hego Euskal Herrian, derrigorrez erabili behar da maskara kalean; Iparraldean, leku publiko itxietan jarri behar da gaurtik aurrera. Nafarroan, uztailaren 6ko astean 122 positibo detektatu zituzten, eta hilaren 13koan, 212.
Gipuzkoan ari da orain birusa indarra hartzen. Larunbatean, 93 kutsatu atzeman ziren. Ordiziako fokuaren ondotik, beste batzuk sortu dira: Getaria, Zarautz, Tolosa, Eibar... Azkar ari da zabaltzen eskualdez eskualde, eta bost taberna itxi zituzten atzo. Eusko Jaurlaritzak zorroztu egin ditu neurriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan . Bizkaian ere beste 92 kutsatu izan ziren larunbatean. Kopurua bikoiztu egin da egun batetik bestera herrialde horretan; batik bat, Ermuan sortu den fokuagatik: 48 kasu detektatu dira.