Polizia

Beste 200 guardia zibil Nafarroan

Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan du guardia zibilen lantaldean izandako murrizketak betetzera datozela. 1.500 guardia zibil daude Nafarroan gaur egun.

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaria, gaur. JESUS DIGES, EFE
2020ko otsailaren 10a
17:49
Entzun

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak gaur jakinarazi duenez, beste 200 guardia zibil iritsiko dira Nafarroara hilabete amaieran, Herritarren Segurtasunean lan egiteko. Arastik azaldu du ia 1.500 guardia zibil daudela gaur egun Nafarroan, eta etortzear direnekin 1.700era heldu nahi dutela, «plantilla guztiz betetzeko».

Trafikoko eskuduntza Nafarroaren esku utzi eta Guardia Zibilari kentzeko une erabakigarrian iritsi da erabakia. Arastik garbi utzi nahi izan du Guardia Zibilak Nafarroan trafikoko eskumena galtzeak ez duela ekarriko Nafarroatik «desagertzea», eta horren adibide gisa jarri du guardia zibil gehiago bidaltzea. «Hori bai dela estatuaren segurtasun indarren eta zerbitzu publikoen alde egitea: horiek dira herritarrek behar dituztenak».

Gogoratu du trafikoko eskuduntza ematea Pedro Sanchezek aurreko agintaldian Uxue Barkosekin adostutako zerbait izan zela, eta gobernuak hitzartutakoa betetzen duela azpimarratu du. PPren aurreko gobernuekin alderatuta hori berritasun bat dela esan du ironiaz, trafikoko eskuduntza Nafarroara eramatea 2000. urtean adostu baitzuten horiek.

Bilkura, politizatua

Akordioak akordio, larunbatean Iruñean eskuduntza hori Nafarroako Gobernuaren esku uztearen aurka 500 lagun bildu ziren, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera. Arastik esan du bilkura «politizatu» egin zutela eta Nafarroaren autogobernuaren eta Espainiako Gobernuaren aurkako ekitaldi politiko bat bilakatu zela. Harridura agertu du, gainera, UPNren parte hartzearengatik; haren hitzetan, alderdi horrek ahaztu egin du autogobernuaren defentsa.

Trafikoko eskuduntzaren aldaketa txukun eta modu gardenean egingo da Arastiren arabera, eta PSOEk eta EAJk adostu zuten sei hilabeteko epea errespetatu egingo dela. «Bost hilabete geratzen dira, eta hemendik aurrera marraztuko da bide orria, denok baitakigu Foruzaingoak ez duela une honetan baliabide nahikoa eskuduntza bere gain hartzeko».

Kazetariek galdetu diote foruzain bihurtzeko guardia zibilei eman dakieken aukeraz, eta esan du oso gutxi liratekeela une honetan aldaketa hori egiteko prest leudekeenak. Edozein moduz, adierazi du aukera hori ez dutela oraindik aztertu, eta eskuduntza aldaketa zehazten den arte guardia zibilei galdetzea gehiegi aurreratzea iruditzen zaiola. Hori bai, trafiko sailean dauden guardia zibilek Nafarroan geratu nahi badute, beste sail batzuetara pasatu ahal izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.