Beste 292 kasu Hego Euskal Herrian

Azken orduetan 162 kasu atzeman dituzte Bizkaian, 48 Nafarroan, 49 Gipuzkoan, eta 29 Araban. Zabalburuko ertzain etxea ireki egin dute berriro, desinfektatuta. Zizurkilgo bi eraikinetako bizilagunek negatibo eman dute PCR proban.

Ertzaintzak jarritako kontrol bat, Zarautzen, konfinamenduan. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko uztailaren 31
12:28
Entzun

Azken orduotan beste 292 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: aurreko egunetan baino gehiago. Atzo, erraterako, 265 izan ziren atzemandako kasu berriak. Lurraldeka, azken orduotan atzemandakoetatik 162 dira Bizkaikoak, 49 Gipuzkoakoak, 48 Nafarroakoak eta 29 Arabakoak. El Diario kazetak zabaldu duenez, halaber, atzo 63 urteko gizonezko bat zendu zen Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen, koronabirusak jota. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du horren berri eman. Hiru lagun dauzkate ZIUetan Hego Euskal Herrian, eta beste hemezortzi lagun ospitaleratu zituzten atzo. 6.491 PCR egin zituzten atzo guztira.

Ertzain etxea, berriro irekita

Bilboko Zabalburuko ertzain etxea itxi egin dute goizean, «dozena erdi» ertzainek PCRan positibo eman ondoren, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, berriro ireki dute 13:00etarako. Desinfekzio lanetan aritu dira 9:00etatik 12:00etara. Erne ertzainen sindikatua kexu agertu da Osakidetzak jarritako irizpideekin. Izan ere, salatu duenez, PCRetan positibo emandakoekin hamabost minutuz egondako pertsonei soilik egiten diete proba. Sindikatuaren ustez, berriz, azken hamabost egunetan Bilbon lan egin duten ertzain guztiei egin beharko litzaieke testa. Salatu dute, halaber, euren lanean distantzia sozial nahikorik gabe ibiltzen direla gehienetan, «maskararekin bakarrik», eta ibilgailuen barnean. Hala, gaitzetsi dute ertzainen eta senideen osasuna «arriskuan» jartzen ari direla, baita haiekin harremanetan egon daitezkeen herritarrena ere. Ohartarazi dute egoera aldatu ezean epaitegietara joko dutela.

Segurtasun Sailak erran du ertzainen autoak egunero desinfektatzen dituztela, txanda bakoitzaren ondoren.

Zizurkilen, negatibo

Zizurkilen (Gipuzkoa), berriz, bi etxebizitza eraikin konfinatu zituzten atzo, eta PCR proba egin diete eraikinetako bizilagun guztiei. Negatibo eman dute guztiek, udalak jakinarazi duenez, eta, beraz, ez dute bakartuta segitu beharko. 60 bat lagun bizi dira guztira bi eraikinetan, eta horietako batzuek positibo eman ondoren erabaki zuten guztiak bakartzea. Positibo eman zuten horiek konfinatuta segitu beharko dute, baina ez bertzeek. Iker Urruzola alkateak bizilagunen jarrera txalotu du, modu «arduratsuan» jokatu dutelako, eta lasaitasun mezua zabaldu du herritarren artean, nahiz eta segurtasun neurriekin jarraitzeko eskatu.

Ez da halako kasu batengatik eraikin osoak bakartzen dituzten lehen aldia: Hernanin (Gipuzkoa) ere eraikin bateko bizilagunak bakartu dituzte asteon. Guztiek eman zuten negatibo, eta jada ez dute konfinatuta egon behar.

Eslovenian, berrogeialdian

Esloveniako Gobernuak jakinarazi du hamalau eguneko berrogeialdia ezarriko diela Hego Euskal Herritik hara doazen herritarrei, haien nazionalitatea edozein izanik ere. Koronabirus kasuen kopuruagatik hartu du erabakia. Bertze herrialde batzuek ere hartu dituzte antzeko erabakiak azken egunotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.