Koronabirusa puztua da Hegoaldean; hala erakusten dute osasun agintariek egunetik egunera emandako datuek. Zazpi egunez jarraian, egun bakarrean detektatutako COVID-19 kasu kopuruak beti gainditu du 500 kasuren langa, eta, hain zuzen ere, pandemiaren bilakaerak joera berari eutsi dio atzoko zenbaketetan: PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, Osakidetzak eta Osasunbideak 11.524 proba egin zituzten birusa detektatzeko, eta 685 positibo atzeman zituzten. Hala, positiboen portzentajea %5,9 izan da Hegoaldean.
Herrialdeka, Bizkaian atzeman dira positibo gehien: 222. Halaber, Nafarroan 184 kasu zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 172, eta Araban, berriz, 97 izan dira asteleheneko testetan.
Gainera, ospitaleen egoerari buruzko datuak eguneratu ditu Osakidetzak eta Osasunbideak. Emandako informazioaren arabera, atzo 82 lagun erietxeratu zituzten gaitzarengatik. Horiek horrela, oraintxe bertan 377 paziente dira Hegoaldeko zentroetako gela arruntetan ospitaleraturik, eta, berriz, 101 pertsona daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, Pirinio Atlantikoetako intzidentzia tasak 7,6ko igoera izan du, hiru eguneko tartean 76,4tik 84ra igo baita. Eskualdeko Osasun Agentziak dio birusaren zirkulazioa emendatzen ari dela, eta «bat-bateko goratze bat» gerta daitekeela, orain arte lortutako immunizazioa apala baita Akitania Berria eskualdean.