Beste bi herri izango ditu UEMAk: Urdiain eta Zeberio

Abenduaren 13ko batzar nagusian onartutakoan, 120 herrik osatuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.

UEMA 2024. urteko batzarra, Zarautzen.
UEMAren urteko batzarra, iaz, Zarautzen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko azaroaren 7a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea etengabe handitzen ari da. Gaur jakinarazi dutenez, beste bi udalek erabaki dute kide izatea: Urdiainek (Nafarroa) eta Zeberiok (Bizkaia). UEMA abenduaren 13an da egitekoa urte amaierako batzar nagusia, eta orduan aztertuko ditu herri horien eskaerak. Onartuz gero, 120 herri izango ditu mankomunitateak, eta guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuko dute.

UEMAk ohar bidez azaldu duenez, Urdiaingo Udalak herenegun izan zuen udal osoko bilkura, eta udalbatza osatzen duten EH Bilduko bost zinegotziek aho batez onartu zuten kide izatea. Urdiain Nafarroako Sakana eskualdean dago, eta 642 biztanle ditu. Udalerri euskalduna izan bada, euskaldunak edo ia euskaldunak baitira herritarren %80,05; alta, zailtasun gehiago dituzte erabilerarekin: kale erabilera %36,4koa da. 

David Oroz alkatearen hitzetan, kezkak bultzatu ditu UEMAn sartzera: «Azken urteetan, duela hogei bat urtetik hona batez ere, kaleko errealitatea guztiz aldatu da Urdiainen. Lehen, euskaraz zekien jende gehienak euskaraz egiten zuen; azken urteetan, ordea, erabilerak behera egin du, nabarmen, batez ere haurren eta gazteen artean. Ustez eremu euskaldunen bizi eta euskaraz ikasi arren, badira euskaraz eroso aritzeko gai ez direnak ia, eta horrek zer pentsatua ematen digu. Egoerari buelta emateko, lankidetza guztien beharra izango dugu».

Zeberiok, berriz, atzo egin zuten udalbatza. EH Bilduko bost zinegotziren aldeko botoekin eta EAJko bi zinegotziren abstentzioarekin erabaki zuten UEMAko kide izateko eskea egitea. 1.081 biztanleko herria da Zeberio, eta %80,2 euskaldunak edo ia euskaldunak dira. Baina Zeberion ere nabarmen apalagoa da erabilera: % 45,82rentzat da lehen hizkuntza, eta % 33,92koa da etxeko erabilera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.