Parot doktrina ezarria zuten beste hamabi euskal preso aske uzteko agindu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak. Honako preso hauek aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak: Jose Gabriel Zabala, Jose Ramon Martinez de la Fuente, Fernando Vicente de Luis Astarloa, Kepa Solana, Josune Onaindia eta Joseba Iñaki Zugadi. Astarloa baldintzapean aske zegoen eta Solana gaur irten da espetxetik. Gorenak berriz honako hauek aske uzteko agindu du: Juan Jose Legorburu, Andoni Cabello, Juan Ramon Rojo, Jose Ignacio Etxeberria, Ignacio Pujana eta Carmen Gisasola. Cabello ez beste guztiak aske zueden jada. Pujana, Legorburu eta Gisasolabalditzapeko askatasunean zeuden; Etxeberria azaroaren 20an geratu zen libre eta Rojo martxoan. Erabakia hartu duten Auzitegi Goreneko zazpi magistratuek ebazpena betearazteko agindua igorriko diote Auzitegi Nazionalari.
Atzo, Parot doktrina ezarrita preso zeuden beste hamalau preso askatzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Horietako bat da Jose Angel Biguri, eta Arabako presoa gaur geratu da aske. 2010eko ekainean utzi behar zuten libre.
Denera, Parot doktrina ezarrita zuten 58 euskal preso aske uzteko agindu dute Espainiako auzitegiek, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio preso ohiaren kasuarekin doktrina hori bertan behera utzi ondoren.
Euskal preso horiez gain Ismael Miquel GALeko presoa ere aske uzteko agindu du Auzitegi Nazionalak —2002az geroztik hirugarren graduan da Miquel—.