euskal presoak

Beste hiru euskal preso gerturatuko ditu Espainiak

Iñaki Beaumont Granadatik Soriara lekualdatuko dute, Jon Lopez Herreratik Darocara eta Sabin Mendizabal Valladolidetik Logroñora. Xabier Tximero Burgosera hurbildu dute.

enekoitz esnaola
2018ko abenduaren 10a
07:27
Entzun

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak jakinarazi du beste hiru euskal preso gerturatuko dituela Euskal Herri inguruko kartzeletara: Iñaki Beaumont Etxeberria (Granadatik Soriara; Espainia), Jon Lopez Gomez (Herreratik Darocara —Aragoi—; Espainia) eta Sabin Mendizabal Plazaola (Valladolidetik Logroñora; Espainia). Beaumoneten kasuan, 646 kilometrokoa izango da gerturatzea, Lopezen kasuan 443koa eta Mendizabalen kasuan 258koa. Beaumonet eta Lopez, EPPK-ko kideak dira; Mendizabal ez dago inongo taldetan.

Espetxeetako Instituzioek hartu dute erabakia, preso bakoitzaren espetxeko Tratamendu Batzordearen txostena jaso ondoren. Azken asteetako irizpideak jarraiki, aurrez bigarren graduan jarriko lituzkete.

Beaumontek hemezortzi urte eta erdiko espetxe zigorra du, eta 2014ko urrian bete zituen hiru laurdenak. Lopezek hamazazpi urteko kondena du, eta duela hiru urte bete zituen hiru laurdenak. Mendizabalek lau urte eta erdiko zigorra du, eta aurtengo uztailean kunplitu zituen hiru laurdenak. Barne Ministerioak dio hirurek onartu dutela espetxe legedia, bigarren gradua eskatuta, eta odol deliturik gabeak direla.

Tximeno gerturatu dute: Villenatik Burgosera

Xabier Tximeno euskal presoa Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik Burgoskora (Espainia) lekualdatu dute, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 594 kilometroko hurbilketa izan da, eta orain, Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, 180ra dago. 

Gorka Fraile, Mikel Orbegozo eta Igor Gonzalez ere hurbilduko dituela zioen joan den azaroaren 26an Madrilek. Azaroan bertan lau hurbildu zituen: Jesus Maria Gomez, Jagoba Codo, Fernando Alonso eta Emilio Salaberria.

BERRIAk abenduaren 1ean argitaratu zuen tratamendu batzordeek beste 30 euskal presori iragarri dietela bigarren graduan jarriko dituztela. Ondoren, gerturatu egingo lituzkete, azkeneko urratsen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.