Beste lau sexu eraso salatu dituzte sanferminetan

Foruzaingoak bi gizon atxilotu ditu Iruñean, sexu eraso horietako birekin lotuta. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du biharko, Gazteluko plazan, 21:00etan. Dozenaka pertsonak protesta egin dute Konpainia plazan, eraso LGTBIfoboen aurka.

Sexu eraso baten kontrako elkarretaratze bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2026ko uztailaren 11
13:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiraletik gauean beste lau sexu eraso salatu dituzte sanferminetan, Iruñeko Udalak jakinarazi duenez. Foruzaingoak bi gizon atxilotu ditu sexu eraso horietako birekin lotuta.

Eraso horietako bat bart goizaldean izan da, 04:45 aldera, Gaztelugibelean. Iruñeko Udalak adierazpen instituzional baten bidez gaitzetsi du erasoa, eta babesa eta elkartasuna adierazi dizkio emakumeari eta haren ingurukoei. Halaber, berriro berretsi du emakumeen aurkako indarkeria eta jarrera matxista oro arbuiatzen dituela, eta sexu erasoak desagerrarazteko, segurtasuna hobetzeko eta emakumeen askatasuna bermatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.

Udalak bat egingo du Iruñeko mugimendu feministak egunotan deitu dituen elkarretaratzeekin, eta herritarrak parte hartzera deitu ditu. Hain justu ere, biharko deitu du mugimendu feministak protestara, Gazteluko plazan, 21:00etan.

Maruxak

Bestalde, dozenaka pertsona batu dira gaur goizean Iruñeko Konpainia plazan, aurtengo sanferminetan gertatutako eraso LGTBIfoboak salatzeko. Stop LGTBIQ+fobia. Erasorik ez erantzunik gabe zioen pankarta bat zabaldu dute plazako agertokiaren parean.

Eraso LGTBIfobikoen aurkako protesta
Eraso LGTBIfobikoen aurkako protesta, gaur, Konpainia plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hain zuzen, Maruxak talde nafarrak iragan asteartean salatu zuen eraso homofobo bat jasan zutela jaien lehen egunean. Instagram bidez kontatu zutenez, bi gizonek taldeko kideei eta bertze bi laguni egin zieten eraso: «Maritxu zikinak» oihukatu zieten gaztelaniaz, eta kristalezko botilak bota. 

Gisako erasoak oraindik ere gertatzen direla azpimarratu dute, eta eremu seguruak sortzea guztien esku dagoela nabarmendu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA