Eusko Jaurlaritza osatzen duten bazkideek, EAJk eta PSE-EEk, ontzat jo dute gaur, Eusko Legebiltzarrean, administrazioaren jarduera ekonomiko jasangarriak arintzeko lege proposamena tramitatzea. Presazko prozedura baten bitartez egin du aurrera proposamenak, nahiz eta oposizioko talde guztiek aurka bozkatu. Hala, aurrerantzean, jeltzaleek eta sozialistek babesten duten lege proposamenak bere bidea egingo du legebiltzarrean. Gobernuko bazkideen ordezkariek azaldu dutenez, lege horren helburu nagusia zera izango da: «Euskadiren lehiakortasuna indartzea» ekonomia berdearekin lotutako proiektuei begira.
Lege proposamen horrek barne hartzen du epeak eta administrazioaren kargak arintzea, eta segurtasun juridikoa sendotzea trantsizio energetikoari, ekonomia zirkularrari eta elikagai industriari lotutako proiektu ekonomikoetan. EAJk eta PSE-EEk diote lege horrek ez dituela «bermeak gutxituko», bikoizteak izan daitezen eragotzi baizik. Ekimen horren asmoa da «inbertsio estrategikoak bultzatzea» industria berdeen alorrean.
EAJko eledun Joseba Diez Antxustegik azaldu du lege horrek «sinplifikatu, erraztu eta arindu» egingo dituela zenbait proiekturen tramiteak, «Euskadik ez dezan aukerarik gal munduko lehian». PSE-EEko legebiltzarkide Ekain Ricok, berriz, adierazi du bere taldeak lege hori babesten duela, «prozedura modernoagoak, arinagoak eta juridikoki seguruagoak jar daitezen herritarren eta eragile ekonomikoen esku».
Oposizioa, haserre
Oposizioak, aldiz, beste asmo batzuk ikusten ditu ekinaldi horren atzean. EH Bilduko Ander Goikoetxeak esan du «onartezinak» direla hala proposamenaren mamia bera nola lege proposamenak aurrera egin dezan erabilitako presazko prozedura. «Lehiakortasunaren izenean, gure gobernantza eredua aldatzen duen lege bat jarri dute mahai gainean». Gainera, lege horrek «udalen autonomia» baztertzen du, haren arabera.
PPko ordezkari Alvaro Gotxik, berriz, salatu du gobernukideek ez dutela nolanahi aukeratu lege proposamenari bide emateko formula, badela arrazoi jakin bat horren atzean: «Ez dute lege proposamen batek pasatu behar duen lekutik pasarazi nahi, agian norbaitek esango dielako gaur aurkeztu duten hau lardaskeria bat dela, arduragabekeriaz aurkeztua».
Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek ohartarazi du lege horrek «desarautzea» ekarriko duela, eta «proiektu ekonomikoen inpaktua gutxiago kontrolatzea» ere bai, «batez ere ingurumenarekin lotutako egitasmoetan».