ETAren jardun armatuaren amaiera

Besteen sentimenduak ulertu beharra

Adiskidetzeaz mintzatu dira estatubatuar bat, palestinar bat eta israeldar bat, Sabino Arana fundazioan

Leblanc eta Shehada, atzo, Sabino Arana fundazioan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gorrotoan ez erortzea. Beldur eta mesfidantzak gainditu, eta aurrean dagoenari, aurkari ere izan denari, entzutea. Mahai berean esertzeko gai izatea. Ondoan egon, entzun, aditu, eta bestearen lekuan jartzea, sentimenduak dituen pertsonatik pertsonara. Bestearen egia entzun, eta bestearen sufrimendua sentitzea. «Oso garrantzitsua da besteak ezagutzea», dio Nour Aldin Shehada palestinarrak, adiskidetzeari buruz. «Asko laguntzen du».

Tulkaremgo errefuxiatuen kanpalekuan bizi da, Zisjordania iparraldean. Urtetan ekintzaile palestinarra izana da; israeldarren okupazioari armekin aurre egindakoa. Tiroz zauritua, eta kartzelan egona. Azken urteetan, Combatants for Peace elkarteko kide da, konponbide baketsua posible dela sinetsita. «Indarkeriatik indarkeriarik ezera egin nuen jauzi. Israeldar soldaduak ezagutu nituen horrela. Eta israeldarrak ere pertsonak direla ikusi dut».

Ondorio argia atera du bere esperientziatik: «Indarkeriak ez du bakean laguntzen; indarkeriak indarkeria besterik ez dakar». Euskal Herrira ekarri du esperientzia. Sabino Arana fundazioak antolatuta, adiskidetzeari buruzko mintegian parte hartu du, Bake bila baikor: Erronka gaindigarria izeneko jardunaldietan.

Hitz bertsuekin mintzatu da Andrea Leblanc estatubatuarra, Sabino Arana fundazioak Bilbon duen egoitza berrian. Chicagokoa da Leblanc, eta, irailaren 11ko atentatuen biktimek osatutako Peaceful Tomorrows taldeko kidea. Dorre Bikien aurka jo zuten hegazkinetako batean zihoan haren senarra zena. «Nork bere mina bakerantz bideratu», eta elkartu egin behar dela dio. Asko egin daitekeela horrela baketze eta elkarbizitzaren alde. «Nahiz gure artean oso desberdinak izan, nahiz hizkuntza desberdinak hitz egin, besteen sentimenduak ulertzeko gai gara, eta horixe da baketzearen alde elkarrekin lan egitea ahalbidetzen duena».

«Indarkeria geratu eta bestea entzuten jartzen garenean konturatuko gara askoz gehiago dela pertsona gisa batzen gaituena banatzen gaituena baino», dio. Hitz egiteko dei egin du, beraz; etorkizun hobe baten bila elkartu, eta elkar ulertzekoa.

Avner Horwitz israeldarrak eta Paul Rios Lokarrikoak ere parte hartu dute hizlari. Eta, entzule, alderdi eta eragile ugaritako kideek, kazetariek eta soziologoek, besteak beste; 40 bat lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.