Lekukotasun deialdia zabaldu du Betharramgo sexu indarkeriak aztertzen dituen inkesta batzordeak

Urriaren 17ra arte egonen da irekia plataforma. Frantziako Eskaut eta Gidariek ere deialdia zabaldu dute, zenbait artxibo dokumentu ikusita ohartu baitira eskaut talde bat izan zela Beñat Segur zuzendari eta apezaren zaintzapean.

Louis Joinet Institutuari ikerketa komisioa osatzeko proposamena egin zioteneko agerraldia. PATXI BELTZAIZ
Louis Joinet Institutuari ikerketa komisioa osatzeko proposamena egin zioteneko agerraldia. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko ekainaren 23a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Betharramgo (Okzitania) ikastetxean indarkeria fisikoa edo sexu abusuak jasan izana Internet bidez salatzen ahal da gaurtik goiti, anonimoki. Louis Joinet Institutuak osatutako ikerketa komisioak zabaldu du lekukotasunak jasotzeko tresna berria, bere webgunean, eta urriaren 17a arte egonen da irekia plataforma. 

Helburua jadanik mintzatu diren biktimen eta oraino horretara ausartu ez direnen testigantzak biltzea da, Betharramgo kasuaren aztertzean ahal bezainbat lekukotasun ukan ditzaten eskura.

Komisioa aurtengo martxoan eratu zuten, Betharramgo kongregazioak berak Louis Joinet Institutuari ardura emanik. Garaian, Betharramgo kongregazioko bozeramaile Laurent Baxok zehaztu zuen komisioa «independentea» izanen zela. Honakoa da komisioaren xedea: hainbat urtetan Betharramgo ikastetxe pribatu katolikoan gertatutako indarkeriaren izaera kalifikatzea eta biktimentzako aitortza neurriak proposatzea.

Eskaut talde bat

Lekukotasun deialdia ireki eta berehala, Frantziako Eskaut eta Gidariek ere zabaldu dute. Hain zuzen ere, zenbait artxibo atzeman dituzte, zeinek erakusten baitute 1980ko hamarkadako eskaut talde bat Betharramgo zuzendari zen Beñat Segur apezaren zaintzapean egon zela. Segur apeza hilik da gaur egun, baina Betharramgo kasuei lotutako hainbat salaketek harekin dute lotura. 

2024ko ekainean, jadanik, Eskaut eta Gidariek lekukotasun deialdi bat zabaldu zuten haien aldetik; baina, erantzunik ez baitzuten jaso, horretan geratu ziren. Orain, eskaut talde bat apez horrekin egon zela ikusita, bat egin dute ikerketa komisioak hedatu duen deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.