Betharramgo sexu erasoen eta bortizkeria fisikoaren biktimak 1.500 izan daitezkeela kalkulatu dute

Louis Joinet institutuak kaleratu du Biarnoko eskolako gehiegikerien ikerketaren txostena. Ondorioztatu du indarkeria ahalbidetzen zuen sistema instituzionalizatu bat zegoela. Erakundeen eraldaketa sakona eskatu du erasoak prebenitzeko.

Protesta ekintza bat, Louis Joinet institutuak sexu erasoen kontra antolatutako jardunaldi batean, iaz, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Protesta ekintza bat, Louis Joinet institutuak sexu erasoen kontra antolatutako jardunaldi batean, iaz, Baionan. PATXI BELTZAIZ
jakes goikoetxea
2026ko ekainaren 20a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Betharramgoak ez ziren ekintza isolatuak izan. Ez zen pertsona ezberdinen jokabide independenteen metaketa: «Kontrakoa: lekukotzen kopuruak, salatutako ekintzen iraupenak, ekintza horiek errepikatzeak, artxiboek eta aztertutako gainerako iturriek erakusten dute sistema instituzionalizatu bat zegoela, eta urteetan bortizkeria mota ezberdinak eragitea ahalbidetu zuela». Sistema instituzional hori «osatzen» zuten sexu abusuek, eraso fisikoek, umiliazioek, bortizkeria psikologikoak eta guztia isilarazteko mekanismoek.

Batzorde independente batek Lestelle-Betharramgo (Biarno, Okzitania) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katoliko pribatuan egindako sexu erasoak eta indarkeria fisikoa ikertu ditu. Ikasle asko Ipar Euskal Herritik joaten ziren Betharramera. IFJD Louis Joinet institituaren babesean aritu dira ikertzen, urtebetean. Batzorde independentea izan da, baina Betharramgo kongregazioak eskatuta aritu da eta kongregazioak ordaindu du. Jean-Pierre Massias izan da batzordeko presidentea. Batzordeak gaur kaleratu ditu ondorioak. Berretsi du indarkeriaren erabilera «sistematikoa» eta «izugarria» izan zela.

2023an abiatu, eta 2024ko urte hasieran azaleratu zen Betharramgo afera: bortizkeria fisikoa eta sexu erasoak jasan zituztela salatu dute dozenaka ikaslek, eta berrehun salaketa baino gehiago jarri dituzte. Apaizak eta zaindari laikoak izan ziren Biarnoko ikastetxe horretan haurrei eraso egin zietenak. Betharramgo ikastetxean indarkeria baliatu zuten haur eta gazteen kontra 1950etik 2004ra bitartean. Beraz, preskripzioa aplikatzen da kasurik gehienetan. Beste zenbait kasutan, akusatuak hilak dira.

197 biktima

Alain Esquerre izan da biktimen aurpegi ezagunenetakoa. Ikasle ohia eta biktimen talde bateko bozeramailea da. Biktimen lekukotzak bildu ditu. Ikerketa batzordean parte hartzen hasi zen, biktimen izenean, beste bi biktimarekin batera; baina Esquerrek batzordea utzi zuen iaz, kongregazioko ordezkari eta batzordeko kide batek harreman estua zuelako Boli Kostan sexu abusuak egotzi zizkioten kongregazioko kide batekin, eta biktimei ez zietelako utzi artxiboak ikusten. Batzordeak egiaztatu egin du Esquerrek zerrendatutako biktima ezagunen kopurua: 197. 44k sexu erasoak salatu dituzte; 107k indarkeria fisikoa; eta 46k bi indarkeria motak. 

Batzordeak biktima horietatik 59 elkarrizketatu ditu; baita Behtarramen indarkeriarik jasan ez zuten bederatzi ere. 59 biktima horietatik hamar ez dira Biarnoko eskolakoak, kongregazioak beste herrialde batzuetan dituen ikastetxeetakoak baizik: Aljeriakoak, Marokokoak eta Boli Kostakoak. 59 biktima horiek 37 erasotzaile identifikatu dituzte.

Txostenaren titulua adierazgarria da: Betharram: terrorea eta isiltasunak. Ikasle ohiek sarritan erabili dute terrore hitza Betharramen bizitu zutena azaltzeko. «Beldurra etengabea zen», jaso du txostenak. Ikasleek «estutasuna» sentitzen zuten, apaizek eta laikoek bortizkeria egunero erabiltzen zutelako, ikasleek ez zekitelako noiz gertatuko zen eta ez zutelako inon babesteko aukerarik. Sistema «arbitrario eta kontrolaezin» batek harrapatuta sentitzen ziren. Egoera erakusteko, bi ikasleren lekukotzak. Batek dio Betharramen helburua «bizirik irautea» zela, «goizetik gauera». Besteak bat-batean helduen bortizkeria aurkitu zuela: «Eta sentitzen duzu sistema... tranpa gure gainean ixten ari dela».

Arreta koordinatua eta osoa

Ikasleek haurrak zirela jasan zituzten sexu abusuak eta indarkeria, baina ondorioek bizi osoa iraun dute: antsietatea, depresioa, konfiantza harremanak izateko zailtasunak, senideekin arazoak, lanean gorabeherak, autoestimua galtzea eta sufrimendua. Arreta koordinatua eta osoa eskatu du biktimentzat: psikologikoa, fisikoa, legala eta soziala.

Ikerketaren ondorio nagusietako bat da isiltasuna funtsezkoa izan zela bortizkeria iraunarazteko: kongregazioaren isiltasuna, batzordeak egiaztatu baitu salaketa batzuk ez zirela behar bezala ikertu, kongregazioak berandu erreakzionatu zuela, ez zuela babes neurririk hartu eta erabakiak batez ere erakundearen izen ona eustera bideratu zituela; bortizkeria ikusi bai, baina esku hartzen ez zutenen isiltasuna, «ondorioen beldur edo jokabide haiek arruntak iruditzen zitzaizkielako»; eta haurren isiltasuna, beldurra, lotsa, errua edo inork ez ziela sinestuko sentitzen zutelako.

Egiten zietena edo ikusten zutena kontatu zuten ikasleen kasuan, gehienetan ez ziren ikertu eta ez zieten babes neurri eraginkorrik jarri. Batzordearen arabera, Betharramgo kasuak agerian utzi du isilarazteko mekanismo bat: «Prozesu instituzional, sozial eta sinboliko bat da. Haren bidez biktimen hitza eragotzi egiten da, neutralizatu, izena kentzen zaio edo xurgatu egiten da benetako ondorioak izan aurretik».

Horregatik guztiagatik, txostenak nabarmendu du prebentzioak ezin duela mugatu zerbait gertatu eta zigortzera: «Ezinbestekoa da bortizkeria agertzea errazten duten baldintzetan eragitea. Egiaztatu ditugun bortizkeriak ezingo dira prebenitu erakundeek ez badute haien funtzionamenduaren eraldaketa sakon bat egiten». Batzordeak erakundeen eraldaketa erreparazioarekin lotu du: «Benetako erreparazioa ez da soilik iragana onartzea; baita haren esku uzten diren adingabeak babesteko gai diren erakundeak eraikitzea ere».

Biktima ezagunak 196 dira, baina indarkeria jasan zutenak askoz ere gehiago direla uste dute: alde batetik, salatzen dutenen kopurua biktimena baino apalagoa izaten delako; bestetik, ikasle ohiek 1950 eta 2004 arteko erasoak salatu dituztelako, bost hamarkada baino gehiago, alegia. Beraz, zenbat izan daitezke guztira? Batzordeak kalkulatu du, datuak estrapolatu ditu.

Horretarako indarkeriaren biktimen «salaketa tasa» aintzat hartu du, hau da, hamarkada bakoitzean, indarkeria mota guztietako biktimetatik zenbatek salatzen duten batez beste. Proportzio hori aintzat hartuta, hipotesi baten arabera, 726 biktima izango lirateke; baina Betharramgo eskolaren «ospea» eta biktimen «lotsaren zama» kontuan hartuta, 1.500 izan daitezkeela uste du. Ezagutzen direnen halako zazpi baino gehiago.

Onartzea eta memoria

Batzordeak erreparazio ekonomikoa eskatu du biktimentzat, eta eskolako langile laikoen biktimek ere kalte ordaina jasoko dute (eskolak apaizenei bakarrik eman nahi zien). Hala ere, biktimek, dirua baino gehiago, kongregazioak egindakoa publikoki onartzea, biktimak entzutea eta gertatutakoa oroitaraztea, memoria, eskatu dute. «Memoria ez biktimekiko betebehar moral bat soilik», dio txostenak, «prebentzio neurria ere bada».

Txostenaren egileek irailaren 16an bilera bat egingo dute alde guztiekin, gomendioak nola indarrean jarri aztertzeko eta hurrengo urratsez eztabaidatzeko. «Beraz, txostena argitaratzea ez da istorio baten amaiera», azaldu du ikerketa batzordeak. «Garai berri bat zabalduko du, erreperazioan, prebentzioan eta haurren babesean oinarritua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE