Mendekotasunen bat duten edo laguntza premia duten edadetuentzako telelaguntza zerbitzua da Beti On. Egun osoan eta urte guztian funtzionatzen du. Guztira 80.000 pertsona baino gehiagok erabiltzen dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —80.450 erabiltzaile ziren apirilean—. Larrialdi egoeretan sakatu beharreko botoi gorria da ikurra —lepoko batean eramaten dute erabiltzaileek—. Telelaguntza zerbitzuak egunero, batez beste, 1.500 dei jasotzen ditu, eta bertako langileek 3.000 bat dei egiten dituzte, erabiltzaileen jarraipena egiteko. Beti Oneko langileek greba egingo dute astelehenean, lankide baten kaleratzea salatzeko. ELA, LAB, ESK eta UGT sindikatuek babestu dute lanuztea.
Zerbitzu publikoa da, baina Ilunion enpresak kudeatzen du 2023ko abuztutik. Grebaren bidez kaleratzea salatuko dute, baina, sindikatuen esanetan, kaleratzeaz gain, gertaera «oso larriak» izan dira Ilunionek zerbitzuaren ardura hartu zuenetik: batetik, hainbat langileri «etengabe zigorrak ezarri» dizkie, eta, bestetik, langile batek erabiltzaile baten erasoa jasan zuen bisita batean, eta enpresak ez zuen langilea babestu. Haien ustez, gertakari horiek guztiek arriskuan jartzen dituzte langileen lan eskubideak eta zerbitzuaren kalitatea.
Ilunionek Beti On zerbitzuko langile bat kaleratu zuen uztailean. Haren lana Madrildik egingo zutela esan zioten. «Eusko Jaurlaritzak badu egoeraren berri, baina beste aldera begiratzea erabaki du», salatu dute sindikatuek. Haien iritziz, kaleratzea «arbitrarioa» izan zen, «lan baldintzak defendatzen dituztenen kontrako errepresio ekintza bat». Gehitu dute azken hilabeteetan zenbait langileri zigorrak jarri dizkietela, «langileak beldurtzeko».
Zerbitzuaren erabiltzaile batek eraso egin zion langile bati. Sindikatuek jakinarazi dutenez, enpresak ez zuen protokolorik abiatu langilea babesteko, eta ez zion laguntza juridikorik eta psikologikorik eskaini. Zehaztu dute mutualitateak lau egun behar izan zituela erasoa onartzeko. Sindikatuentzat «onartezina» da zerbitzu publiko batean horrelako egoera bat gertatu eta ezer ez egitea: «Kudeaketa horrek agerian uzten du enpresak bere interesak hobesten dituela, eta ez langileen eta erabiltzaileen ongizatea».
Eusko Jaurlaritza inplikatzea nahi dute
Egoera ikusita, langileek zenbait eskaera egin dizkiote enpresari: kaleratutako langilea berehala kontratatzea; zigorrak jarri aurretik bitartekaritza eta gatazken ebazpena baliatzea; erasoren bat gertatuz gero protokoloak benetan indarrean jartzea, telelaguntzako langileei babes integrala eskaintzeko; eta Eusko Jaurlaritza inplikatzea, «kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko, hemen kudeatua eta baldintza duinekin».
Nabarmendu dutenez, Beti On oinarrizko zerbitzu bat da, baliabide publikoen bidez ordaintzen da, eta egoera zaurgarrian daudenei laguntzen die. Horregatik uste dute ezin duela funtzionatu «langileen prekarizazioaren, beldurraren eta babes faltaren bizkar». Ohartarazpen bat egin dute: «Zaintzaileak zaintzea da zaintzaren abiapuntua».