«Espainiako alderdi demokratikoena izango gara». Oscar Arizkuren UPNko idazkari nagusiak uste du UPNk «garai berrietara egokitzeko» eta militanteen parte hartzea handitzeko mekanismoak jasoko dituela apirilaren 24an egingo den X. kongresuaren ondotik. Aldaketak, ordea, ez dira antolakuntzan soilik izango, eta iragarri du alor politikoan eta programatikoan berrikuntzak datozela. Hitzak hitz, ez da espero iraultza handirik. Izan ere, Arizkurenek argi utzi nahi izan zuen atzo UPNren ideiek bere hartan jarraituko dutela baina diskurtsoa leundu nahi dutela. Euskara jarri zuen adibide: «Ez gaude euskararen kontra, baina, hori ez dagoela argi ematen duenez, argitu egin nahi dugu». Apirilaren 24ren ondotik, betiko UPN izango da; akaso, hitz batzuk goxatuta.
Hitz goxo horiek, ordea, ez zaizkie iritsiko ez Nafarroako Gobernuari ez hura sostengatzen duten lau alderdiei, bereziki abertzaleei. 1979an sortu zenetik, euskal abertzaletasunaren aurkakotasunean oinarritu du, hein batean, bere proiektua UPNk, eta etorkizunean antzera jokatu nahi duela dirudi. UPNren X. kongresura begirako leloa, adibidez, Todos somos Navarra izango da (Guztiok gara Nafarroa).
Proiektu «berritu eta irekia»
Gaztelera hutsezko lelo horrekin aditzera eman nahi dute UPN «proiektu berritu, ireki eta integratzailea» dela, eta nafar guztien interesak defenditu nahi dituela. Bestalde, Nafarroako Gobernuak «mendeku gosez erabaki sektario eta baztertzaileak» hartzen dituela uste du Arizkurenek: «Euskal independentismoak gidatutako gobernuak identitate kontuak eta obsesio politikoak lehenesten ditu».
Kongresua egiten dutenean, 11 hilabete beteko dira iazko hauteskundeetan Nafarroako Gobernua eta lurraldeko udal nagusiak galdu zituela. Botere galera handi horren kolpea nabaritu egin zuen lehen asteetan. Yolanda Barcinak abuztuaren amaieran ezustean uko egin zion UPNko presidentetzari, eta irailaren 27an egin zen ezohiko batzarrari begira hiru hautagai aurkeztu ziren. Aurreko legealdian barne liskarrak nagusi izan ziren, eta lehiak zatiketa hori sakondu zuen. Hala ere, militanteen %56k babesa eman zioten Jose Javier Esparzari, eta emaitza horrek tentsioak uxatzeko eta haren lidergoa sendotzeko balio izan zuen. Kongresura arte, bederen.
Behin-behinekotasun izaera hori behin betiko bihur daiteke apirilaren 24tik aurrera. Datorren asteartetik ostiralera, UPNko presidente izateko hautagaitza aurkezteko epea irekiko da. Esparzak iragarri du bere burua aurkeztuko duela. Oraingoz beste inork ez du urratsik egin, eta, irailaren 28ko batzarrean lortutako garaipen zabalaren ondotik, ez dirudi beste inor itzal egiteko moduan denik. Hautagaitza bakar horrek barne zatiketak gainditu diren irudia ere emango du.
Hala ere, UPNren kezkak lidergotik harago doaz. Arizkurenek onartu zuen «boterea berreskuratzea» duela helburu alderdiak. UPNko barne iturriek BERRIAri aitortu diotenez, boterea galtzeko arrazoi nagusietako bat da beste alderdiekin akordioak egiteko ahalmena galdu izana, eta, Nafarroako politikaren konplexutasunaren jakitun, hori berreskuratzea dute xede.
Kezka horri erantzun nahi dio kongresua prestatzeko urtarrilaren amaieran abiatutako prozesuak. Hiru lantalde berezi osatu dira: estatutuena, politiko-estrategikoa eta programatikoa. Alor politikoko koordinatzailea Jose Javier Esparza izan da, eta bertan hainbat keinu egin ditu Nafarroako aniztasuna aitortzearen alde. Adibidez, «UPNk errespetatzen du nafar askoren euskal identitatea eta kultura, eta bere egiten ditu». Era berean, hizkuntza eta kultura arloan Nafarroa lurralde plurala dela esaten du: «Euskaldun nafar edo soilik nafar sentitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu».
Ponentzian jasota datoz hitzok guztiok, eta oraindik ere talka egiten dute bete-betean UPNk egungo gobernuari eta Iruñeko Udalari egindako oposizioarekin eta erabilitako mezuekin. UPNko iturriek aitortu dute kongresuaren ondotik pixkanaka nabarituko dela aldaketa. Etorkizunak esango du diskurtso leunagoa hitz goxo hutsak diren, edo bere jardun politikoan islatzen diren.
Antolakuntzan aldaketak
Estatutuetan ere aldaketak egongo dira. Arizkurenen arabera, alderdia militanteei eta herritarrei ireki nahi diete. Gobernurako presidentegaia eta Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaia hauteskunde primario bidez hautatuko dira. Era berean, parlamentuko zerrendetan militanteek merindade bakoitzeko ordezkaria hautatu ahalko dute. Gainera, kargua izateko epea zortzi urtera mugatu nahi dute.
Bi hilabete iraun du prozesuak, eta, militanteek zuzenketak egin ondotik, bihar kontseilu politikoak onartu egingo ditu dokumentuok. Hartara, UPN gidatzeko hautagaien izen ematearekin, kongresuari begirako lanak azken txanpan sartuko dira.
Betiko ideiak, baina goxatuta
Apirilaren 24ko kongresuari begira, UPNk alderdia «garai berrietara egokitu» nahi du, bai antolakuntzan, bai arlo politikoan.Oraingoz, Jose Javier Esparza da hautagai bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu