«Kontatua ziguten zerbait, irakurriak nituen zenbait datu, baina ez nuen halakorik espero. Bat-batean iparraldea iluntzen hasi zen, iparraldea bakarrik, eta soroetan itzal arraro bat ikusten zen; gu geu ere kolore arraro bat hasi ginen hartzen. Ez zen betiko iluntasunaren kolorea». Lizarrakoa (Nafarroa) da Mattin Endara, eta jaioterritik hamar kilometro ere egin gabe topatu zuen atzo eklipsea ikusteko lekua, «zegoenik eta ederrena», Eraul herritik goiti oinez abiatuta. Liluratuta dago oraindik: «Ezagutzen duzu Lazkuako behatokia?». Orain jende guztiari gomendatuko lioke hara joatea.
Hogei bat minutu egin behar dira oinez behatokira ailegatzeko. Behin han, «ikusmira paregabea» dago begien aitzinean. Endarak esplikatu du dena: ikusten dira Urederra iturburua, Lokiz mendilerroa, Amezkoa Beheko bailarako herriak, eta Urbasa. Handik ikusi zuen ilargia eguzkiaren lekua hartzen; «sekulakoa» izan zen. «Zalantza nuen jende asko egongo ote zen edo inor ere ez. Ailegatu ginenean gure autoa besterik ez zegoen aparkalekuan, eta pentsatu nuen: ‘Hemendik ez da ikusiko, orduan’». Berdin-berdin igo zen goiti, eta azkenerako hirurogei bat lagun elkartu ziren. «Baina ez zegoen ez pilaketarik, ez eserita egoteko arazorik».
Endararen lekutik ez hagitz urrun ikusi zuen eklipsea Amaia Fernandezek; Parisekoa bera. Lizarra kanpinean hartu zuen aterpe, eta esplikatu du «espresuki» joan zela hara, «halako ikuskizun bat ezin baita galdu». Kanpinetik atera eta pareko menditxora igo zen, gari soro batera, handik altuera hartu eta eguzkiaren parean kokatu arte. «Kanpineko jende asko elkartu ginen han, elkarren ondoan baina elkarri traba egin gabe, eta hunkituta oroitzen dut betaurrekoak kendu nituen momentua. Ez dakit nola deskribatuko nukeen, ez daukat hitzik, baina asko-asko-asko gustatu zitzaidan. Eguzkiaren koroa ikusten ari ginenean inor ez zen hitz egiten ari, zeruari begira ari ginen denok, ahoa zabal-zabal baina isil-isilik». Eklipsea bukatu zenean kanpinera itzuli zen, baina zerura begira jarraitu zuen. «Aulkiak denden arteko korridorera atera genituen, eta hantxe egon ginen esperoan, Pertseida bat noiz pasatuko».
Edonola ere, Fernandezek oroitu duenez, eklipsea gertatu aitzinetik ere sumatzen zen ez zela kanpineko ohiko egun bat. Hasteko, «ordubiak aldera eta denak igerilekuan ginenean», alarma gisako bat aditu zelako. «Inork ez zekien zer zen, eta elkarri begira ari ginen denak, norbaitek informazio bat izango zuelakoan». Eta aurkitu zuten arrazoia: babes zibilari buruzko alerta. «Jartzen zuen ez egiteko surik, ez gelditzeko errepidean, betaurrekoak erabiltzeko… halakoak». Horren ondotik, 17:30 aldera, ohi baino mugimendu gehiago sumatu zuen inguruan. «Auto asko ari ziren hara-hona, jendea asko ari zen mugitzen, eta urduritasun moduko bat nabari zen atmosferan».
Baina denek ez zuten Fernandezen zorterik eduki, kanpineko langileek kontatu baitute «etengabe» ari zirela aitzineko asteetan telefono deiak jasotzen, eklipsearen egunerako lo egiteko leku bat erreserbatu nahian. Normalean ere abuztuko data hauetan «beteta» izaten dute dena, baina aurten «inoiz baino eskari handiagoa» izan dute, «eklipseagatik».
Frantsesak, erromesak, euskaldunak
Sentsazio bera izan du Jaione Moya Lizarrako turismo bulegoko langileak ere: «Ohi baino jende gehiago zebilen kanpoan, goiz-goizetik gainera, eta uneoro ari ziren turismo bulegora sartzen, jakiteko non ikus zezaketen eklipsea». Esplikatu duenez, turista gehienak frantses hiztunak ziren, erromesak gero, eta euskal herritarrak azkenik, «lurralde osoko euskaldunak».
Tuterarra da Ane Dominguez, eta han ere «goizean goiz» hasi ziren sumatzen ohi baino mugimendu gehiago. Gero, 16:00 aldera, auto ilara luzeak zeuden errepidean, «eta hori ez da inoiz gertatzen, are gutxiago asteazken batez». Tuterako Udalak egokitu egin zuen herria: leku batzuk hesiekin itxi, bisitariak aparkaleku jakin batzuetara bidali, eta eklipsea ikusteko toki batzuk izendatu. «Jendea iritsi eta iritsi ari zen», kontatu du Ignacio Perezek, Tuterako Udaleko langileak. «Eremu batzuk nahita itxi genituen, bestela auto asko iritsiko zelako hara, eta arriskutsua izan zitekeelako. Alternatiba bat emate aldera, non aparkatu eta nora joan zitezkeen esaten genien, eta txartel bidez kontrolatzen genuen zenbat jende ari zen iristen, ez genezan eduki ahal genuena baino jende gehiago».
Aparkaleku horietako bat Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eremuan zegoen kokatua, eta jende anitz handik Santa Kiteria baselizara joan zen. Horietako bat da, hain justu, Dominguez. Tutera bertako jende andana, baina, baratzean elkartu zen, Dominguezek kontatu duenez. «Hemen oso ohikoa da etxe gehienek baratza bat izatea, eta herriko jende asko baratza horietan elkartu zen, han ez baitzegoen jende pilaketarik». Guztiak aurreikusitako moduan funtzionatu zuen, eta Perez udaleko langileak erran du «oso prest» zeudela zetorrenerako, eta ez zela inolako ezbeharrik gertatu.
Baratzetik kanpo ere «giro bikaina» zegoela oroitzen du Dominguezek, eta, batez ere, «oso urduri» zeudela. «Dena ilundu zenean ikaragarria izan zen, liluratuta geratu ginen denak, oso momentu berezia izan zen niretzat», erran du. Aholku guztiei kasu egin zien, eta eguna, Fernandezek nola, Pertseidak ikusten bukatu zuen. «Ezin zen plan borobilagorik egin».
Etxetik, isilpean
Udalak izendatutako leku horietako batean ikusi beharrean, lagun baten etxean ikusi zuen Esther Bernedok eklipsea, Tuteran. Logroñokoa da bera izatez (Errioxa, Espainia), eta Arabako lautadako herri batean bizi da egun. «Bikotea Tuterakoa da, eta lagunekin egin genuen plana eklipsea ikusteko. Beraz, oporrak aurreratu eta hona etorri ginen», kontatu du. Ez zuten kanpoko zaratarik aditzen, eta isilpean lortu zuten gertakari osoa ikustea. Gogotsu zegoen eklipserako, eta lehendik hari buruz «asko» irakurri izanagatik, «oso bitxia» iruditu zitzaion ikustea «Ilargiak nola jaten zuen Eguzkia». Betaurrekoak jarri eta kendu aritu zen ordubetez, harik eta iluntasuna iritsi zen arten. «Ziur naiz momentu hori betiko geratuko zaidala buruan. Tenperatura jaitsi zen, ilun zegoen atmosfera, eta zeruan ikusten ari ginen irudia benetan hunkigarria zen».
Atzo ikusitakoen biharamuna da gaur, eta Nafarroa hegoaldea husten ari da pixkanaka. Bukatu dira eklipse kontuak, eta ohiko erritmora itzuli dira Lizarrako eta Tuterako kaleak.