Bi aste barru jarriko dute martxan Arabako aldiriko tren zerbitzua

Miranda Ebro eta Altsasu arteko trenak Arabako zazpi udalerritan egingo du geldialdia, eta astean 137 bidaia egingo ditu.

Aldiriko tren zerbitzua, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Aldiriko tren zerbitzua, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko maiatzaren 16a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi aste barru jarriko dute martxan Arabako aldiriko tren zerbitzu berria. Hala jakinarazi dute gaur Susana Garcia Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Rafael Cortes Navarro Renfe Viajeroseko zuzendari nagusiak. Maiatzaren 30etik aurrera, Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Altsasu (Nafarroa) lotuko ditu zerbitzuak, eta astean 137 bidaia egingo ditu.

Lehendik dagoen ibilbidean egin dute aldiriko trenen zerbitzu berria. Horiek horrela, Miranda Ebro eta Altsasu lotuz, Arabako zazpi udalerritan egingo ditu geldialdiak: Araian, Agurainen, Dulantzin, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzonen eta Manzanosen.

Zehaztu dutenez, tren berriak jarriko dituzte aste barruko lehen orduetan, eguerdian eta arratsaldean; eta bidaia berriak egongo dira asteburuetan. Horrez gain, Arabako Lautada osoa zeharkatu gabe Gasteizen amaitzen den tren zerbitzua luzatuko dute, noranzko batean zein bestean. Distantzia ertaineko gainerako bidaiak bere horretan mantenduko dituzte.

Lau milioi euro

Urtarrilaren 1ean geratu zen Eusko Jaurlaritzaren esku aldiriko tren zerbitzuen eskumena. Eskumen hori eskuratzeak eman du modua Miranda Ebro eta Altsasu arteko aldiriko trena martxan jartzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, Renfek emango du zerbitzua, eta Jaurlaritzak kudeatuko du. Urtean lau milioi euroko kostu gehigarria izango dute maiztasun berriek, eta Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain. Azpiegiturak, trenbideak eta geltokiak, bestalde, Espainiako Gobernuak kudeatuko ditu, Adifen bitartez.

«Mugikortasun jasangarrirantz egiteko», egunerokoan trena erabiltzeko deia egin die Garcia Chuecak Arabako Lautadako herritarrei. «Gure ohituretan aldaketak egiten baditugu soilik bete ahal izango dugu joan-etorriak deskarbonizatzeko helburua», adierazi du. Trena «ibilgailu pribatuaren alternatiba jasangarria, erraza eta eskuragarria» izan dadin, prezioak jaitsiko dituzte %30eraino.

Espainiako Gobernuak ezarritako neurria ere jarriko dute martxan. Aldirietarako eta distantzia ertainerako ezarritako abonamenduen bidez, zerbitzua doakoa izango da erabiltzaile berrientzat ekainaren 30era arte. Hala ere, abonamendu epean zortzi bidaia egin beharko dituzte doakoa izan dadin. Hogei euroko fidantza ordaindu beharko dute bidaiariek; eta behin gutxieneko bidaia kopurua beteta, fidantza itzuliko diete.

Noizbehinkako txartelak eta doako abonamenduak geltoki guztietan erosi ahal izango dituzte bidaiariek, baita webgunean, Gasteizko bulegoetan eta gainerako geltokietan ezarritako Ares arreta telematikoko sisteman ere.

Eskaera batzuk, egiteke

Eusko Jaurlaritzak egindako iragarpena txalotu egin du EH Bilduk, «trena Arabako lurraldearen zati handi batean mugikortasuna erraztuko duen garraiobidea» delako. Hala ere, ohartarazi du oraindik ez direla «eskaera guztiak» gauzatu. Haren esanetan, udalekiko elkarlana sustatu beharra dago, «egungo geltokiak hobetzeko eta geraleku berriak sortzeko».

Koalizio abertzaleak gogoratu du iazko ekainean mozio bat onartu zutela Arabako Batzar Nagusietan, erakundeen arteko lantalde bat abian jartzeko. Sei hilabeteko epea ezarri zuten horretarako, baina gaur-gaurkoz, ez dute lantalderik sortu. Mozio horretan bertan, Jaurlaritzari eskatu zioten Arabako geltoki guztien inbentarioa egiteko, egungo egoera zein den jakiteko eta trenbide zerbitzu berriaren barruan geltoki berriak ezartzea aztertzeko. Horiek horrela, lantaldea martxan jartzeko exijitu du EH Bilduk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.