Bi asteko arnasgunea euskaraz

AEKk udako barnetegiak antolatu ditu aurten ere, partaideek euskara maila hobetzeko. Ikasleek diote esperientzia ona dela: «Sentitzen nuen asko eta oso azkar ari nintzela ikasten».

Helduak eta umeak Adunako familia barnetegitik egindako irteera batean, artxiboko irudi batean. AEK
Helduak eta umeak Adunako familia barnetegitik egindako irteera batean, artxiboko irudi batean. AEK
Irati Urdalleta Lete.
2026ko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Herriko txoko guztietan euskara entzungo dute, eta euskaraz hitz egingo dute. Euskara oso azkar ikasiko dute, eguneko 24 orduetan horretan ariko baitira. Emaitza oso ona izaten da». Horratx AEKren eskaintza. Hain zuzen, udako barnetegien inguruan ari da Alba Ayucar, AEKren udako barnetegien arduraduna.

Euskara ikasten da apunteen aurrean, irakasleari entzunez, aditzaren taula behin eta berriz errepasatuz. Eta euskara ikasten da tabernariari kafe bat euskaraz eskatuz, lagunekin mendian paseatuz, seme-alabekin jolastuz. Aukera horiek emateko antolatzen ditu AEKk udako barnetegiak. Lau barnetegi mota daude: euskalduntzekoa da ohikoena, Ayucarren esanetan. Hamabostaldi guztietan eskaintzen dute: uztaileko eta abuztuko bietan eta iraileko lehenengoan. 

Victoria Zarco iaz joan zen lehenengo aldiz, Arantzakora (Nafarroa). «Maila oso apala nuen, ikasturte hartan hasi bainintzen ikasten. Beldur pixka bat ematen zidan, baina ikasi nahi nuen, eta joan nintzen». Ez du damurik: «Esperientzia oso polita eta bizia izan zen». Eta ikasi zuen: «Asko eta oso azkar». Pasadizo bat du akorduan, bikotekideari barnetegitik deitu zionekoa: «Esan zidan: ‘Konturatu al zara hogei minutu daramatzazula euskaraz hitz egiten?’ Harrituta geratu nintzen».

Ikasleak ikasgelan, Arantzako euskalduntze barnetegian, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ikasleak ikasgelan, Arantzako euskalduntze barnetegian, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Euskalduntze barnetegietan, sei eskola ordu izaten dituzte egunean —lau goizez eta bi arratsaldez—, eta, hortik aurrera, ekintzak, tailerrak, irteerak... Zarco: «Ikasgelan, modu formalean ikasten duzu, baina kanpoan gehiago ikasten duzu: jatetxeetan, jarduerak eginez, mendian... Egun osoa pasatzen dugu euskaraz hitz egiten, eta beste ikasleek ere ez daukatenez maila ona, berdin du gaizki ala ondo, baina hitz egiten duzu». Polita, berezia... Zarcok hitz onak baino ez ditu udako barnetegia hizpidera ekartzean, eta, horrenbestez, erabaki du aurten ere Arantzara joatea: «Salto handi-handia egin nuen; orain, etxean askoz gehiago hitz egiten dut, baita kalean ere, eta naturalago eta jario handiagoz aritzen naiz. Niretzat, barnetegira joatea euskara besarkatzea eta maitatzea da, eta hori oso-oso polita eta berezia da».

«Salto handi-handia egin nuen; orain, etxean askoz gehiago hitz egiten dut, baita kalean ere»

VICTORIA ZARCO Arantzako udako barnetegiko ikaslea

Ayucarrek azaldu duenez, azterketak prestatzeko barnetegiak ere eskaintzen dituzte: abuztuaren 10etik 23ra, Arantzan. Barnetegirik «arraroena-edo», berriz, ibiltaria da. Aurten 25 urte bete ditu, eta bizikletaz egitea erabaki dute, uztailaren 19tik abuztuaren 1era, Bizkaian hasi eta buka, Urduñatik Forura.

Barnetegira familian

Familia barnetegiak ere badaude helduentzat eta 4 eta 12 urte arteko umeentzat —seme-alabak, ilobak, bilobak... izan daitezke—. Ayucar: «Ez daukate euskaraz hitz egiteko ohiturarik, eta, barnetegian euskara erabiltzen dutenez, helburua da etxera itzulitakoan ohitura berriari eustea». 

Estibaliz Castillero orain bi urte joan zen lehenengoz Adunara (Gipuzkoa), familia barnetegira, 7 urteko alabarekin; iaz ere bai, eta aurten berriro joatekoa da. Santurtziarra da, A ereduan ikasitakoa, eta hogei urte pasatu zituen atzerrian. Etxera itzulitakoan, euskara berreskuratu nahi zuen, eta Santurtziko (Bizkaia) AEKn eman zuen izena. Udan ere euskara ikasten jarraitzeko, barnetegira joatea gomendatu zion irakasleak: «Hasieran, titulua lortu nahi nuen; gero, mintzamena indartu; eta, aurten, oporrak igaro euskaraz hitz egin nahi duen jendearekin. Nire ustez, oporrak pasatzeko modu oso ona da. Alabak ere joan nahi izaten du».

Castillerok uste du, berari ez ezik, alabari ere mesede egin diola: «Euskara maila hobetu du, baina, batez ere, jarrera. Iaz oso agerian geratu zen euskara behar zuela komunikatzeko, zeren Iparraldeko umeak zeuden. Esaten nion: ‘Ezin duzu gazteleraz hitz egin, ez dute ulertzen’. Horrek balio izan zion txipa aldatzeko, zeren Santurtzin guztiz posible da dena gazteleraz egitea, eta euskaraz egitea ariketa bat da. Baina Adunan ulertu zuen euskara komunikatzeko bide bat dela». Etxean ere sumatu du barnetegiaren eragina, eta, horregatik, «beti» gomendatzen du barnetegia probatzeko: «Orain normalizatuago daukagu euskaraz hitz egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA