Bi etxegaberi errolda agiria ukatzeko erabakia baliogabetu dute, Iruñeko Udalak ez zuelako garaiz erantzun

Udalaren jokabidea txarretsi dute SOS Arrazakeria, Paris 365, Migratzaileentzako Informazio Gunea, Errolda Batzordea eta Elkarri Laguntza elkarteek. Uste dute propio luzatu dutela errolda eskatzaileei erantzun bat emateko epea, hiru hilabetetik seira.

Hainbat gizarte eragileren protesta Iruñean, etxegabeentzako ostatua eta jana eskatzeko. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Hainbat gizarte eragileren protesta Iruñean, etxegabeentzako ostatua eta jana eskatzeko. Artxiboko irudi bat da. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko otsailaren 6a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

SOS Arrazakeria, Paris 365, MIG Migratzaileen Informazio Gunea, Iruñeko Errolda Batzordea eta Elkarri Laguntza elkarteek agerraldi bateratua egin dute gaur. Salatu dute Iruñeko Udalak atzeratu eta oztopatu egiten duela etxegabe migratzaileak hirian erroldatzeko prozedura. Zehazki, maiatzaren 30etik urtarrilaren 26ra bitartean erregistratutako 562 eskaeren kasuan, erantzuteko epea hiru hilabetetik seira luzatu zuen udalak. Gizarte eragileek jakinarazi dute, gainera, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin duela bi etxegaberi errolda agiria ukatzeko erabakia. Auzitegi horren arabera, ez dago justifikatua udalak erantzuna hainbeste atzeratu izana. Esplikatu dutenez, isiltasun administratiboa baldin badago, errolda eskaera onartutzat jo beharko litzateke.

Agerraldia egin duten gizarte eragileek nabarmendu dutenez, udalak «sistematikoki» ukatzen ditu errolda eskaerak, argudiatuta «ezinezkoa» dela frogatzea pertsona horiek Iruñean bizi direla. Elkarteon irudiko, ordea, «udalak ez du inolako zitaziorik edo ekinbiderik abiatu hori hala dela frogatzeko».

Gogorarazi dute, halaber, kalean bizi direnentzat ezinbestekoa dela errolda tramitatzea, oinarrizko zerbitzu eta baliabide publikoak erabili ahal izateko: «Baztertuta daude, kalean bizi dira egoera tamalgarrian, eta, gainera, errolda ukatzen diete, jakinda behar-beharrezko dutela agiri hori, besteak beste osasun txartela, eskolaratzea, gizarte babeserako sistema eta erregularizazio administratiboa eskuratzeko». Elkarri Laguntza elkarteko Pello Lasak nabarmendu du etorkinen erregularizazio prozesua txalotzen duten alderdiak direla, hain zuzen, «kasu honetan etorkinen erroldatzea galarazten ari direnak».

Hori dela eta, Iruñeko Udaleko Ekintza Sozialeko zinegotzi Txema Mauleoni eskatu diote men egin diezaiela Administrazio Auzitegiaren ebazpenei, eta ez kasu jakin hauetan bakarrik: «Pertsona guztiak erroldatzea betebehar bat da, baina praktikan, gure bizilagunetako askori ukatzen zaie. Bada garaia betebehar horri heltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.