Bi foruzain zigortu dituzte Tuterako komisarian atxilotu bati eraso egiteagatik

Nafarroako Auzitegiko bigarren atalak frogatutzat jo du polizietako batek atxilotua astindu eta jo zuela, eta beste batek egiten utzi ziola. Horiek horrela, bederatzi eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete. Beste bat absolbitu egin dute.

Hainbat foruzain, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Hainbat foruzain, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
14789412 kepa
2026ko apirilaren 17a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegiko bigarren atalak bederatzi eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri die bi foruzaini, 2025eko otsailaren 12an Tuterako polizia etxeko ziegetan atxilotu bati eraso egitea egotzita. Auzitegiak absolbitu egin du akusatuta zegoen hirugarren agentea; eta frogatutzat jo du polizietako batek atxilotua astindu eta jo zuela, eta ukabilkadak eman zizkiola aurpegian. Beste foruzaina aurrekoa bezain erruduna dela dio auzitegiak, «gertatutakoa eragotzi ahal zuelako eta eragotzi behar zuelako». Hala ere, ez zuen halakorik egin.

Erasoaren biktima hurrengo egunean joan zen larrialdi zerbitzuetara, eta han tumefakzioa eta hematomak antzeman zizkioten sudur zubian, azaleko higadura bat eskuineko eskapulan eta ubeldurak bi belaunetan. Gainera, Tuterako polizia etxeko ziegetan dauden kamerek grabatu zituzten epaitutako gertakariak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa jar dakioke epaiari. Haren arabera, magistratuek «osotasun moralaren aurkako delitu bat» leporatzen diote erasoaren egileari: agintari edo funtzionario publiko batek, bere karguaz abusatuz, pertsona baten osotasunaren aurka egitea zigortzen du delitu horrek. Lesio delitu arin bat ere leporatzen diote foruzain horri. Horiek horrela, lehenengo delituagatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, eta bigarrenagatik 600 euroko isuna.

Zigortutako beste agenteari ere «osotasun moralaren aurkako delitu bat» leporatzen diote. Kasu honetan, «bere karguaren betebeharrei huts eginez, beste pertsona batzuek atentatu edo laidotze egintzak egitea ahalbidetu» baitzuen. Delitu horregatik sei hilabeteko espetxe zigorra jarri diote.

Bi auzipetuei, gainera, enplegu edo kargu publikorako inhabilitazioa ezarri die auzitegiak, hiru urtekoa bati eta bi urtekoa besteari.

Bestalde, atxilotua jo zuen agenteak 350 euroko kalte ordaina eman beharko dio hari lesioengatik, eta 3.500 eurokoa lesioen ondorioengatik. Eta bi poliziek 4.000 euro gehiago ordaindu beharko dizkiote biktimari, batera eta solidarioki, egindako kalte moralagatik. Nafarroako Gobernua erantzule zibil subsidiariotzat jo dute.

«Menderatze arbitrarioa eta botere abusua»

Auzitegiak hauek leporatzen dizkio 979 zenbakia duen foruzainari: «Atxilotua zegoen ziegara sartzea eta astintzea; ukabilkadak eta kolpeak behin eta berriz ematea; hanketatik arrastaka eramatea, bankutik lurrera botatzeko; eta bizkarrean girgilak ipini eta lurrean botata uztea, aurpegia odoletan zuela». Magistratuen arabera, «menderatze arbitrarioa eta botere abusua da argi eta garbi, atxilotuaren osotasun fisikoaren aurka zein haren osotasun moralaren aurka egiten duena».

Auzitegiak gaineratu duenez, atxilotuari emandako tratu txarren kasuak «subjektu pasiboa iraintzea eta umiliatzea dakar, babesgabetasun egoeran dagoelako, ziega baten barruan, erasoari aurre egiteko edo laguntza eskatzeko gai ez dela».

Magistratuek adierazi dute ez dela egiaztatu eraso hori jasan aurretik biktimak agentea nolabait iraindu edo mehatxatu zuenik, «baina, nolanahi ere, antzua izango litzateke horrelako erreakzio bat justifikatzeko».

Hirugarren polizia absolbitua

Aldiz, magistratuek hirugarren akusatua errugabetu dute: 1442 zenbakia duen agentea. Izan ere, 2024ko abenduaren 30ean sartu zen Foruzaingoan, eta, gertakariak izan arte, 25 egunez lan egin zuen guztira.

«1442 zenbakidun agenteak ez zuen iniziatiba hartu, eta ez zuen bere kabuz inolako jarduerarik egin atxilotuari dagokionez. Aitzitik, zalantzati agertu zen, eta irudiek aukera ematen dute frogatzeko ez zekiela zer egin behar zuen ziurtasunez ez zekiela», azaldu du epaimahaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA