Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxista egotzita

Udaltzainek ostiral geuean atxilotu zuten 45 urteko gizon bat, bikotekideari eta haren alabari tratu txar psikologikoak egitea leporatuta. Atzo arratsaldean atxilotu zuten bestea, bikotekide ohiari mehatxuak egitea egotzita.

Gasteizko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurka deitutako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurka deitutako elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko otsailaren 23a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteburuan Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu indarkeria matxista leporatuta. Ostiral gauean atxilotu zuten lehena, 45 urtekoa. Emakume batek dei egin zien, eta Pilar auzora bertaratzeko eskatu. Udaltzainak iritsi zirenean, andreak kontatu zien gizona egunero erasokor jartzen dela, iraindu egiten duela, eta mugikor deien bidez kontrolatu ere egiten duela. Emakumeak agenteei ohartarazi zien alaba eurekin bizi dela etxean, eta hura ere iraintzen duela sarri. Agenteek gizonarekin hitz egin zuten, eta eurekin eraman zuten.

Bi egun geroago, atzo arratsaldean, udaltzainek beste gizon bat atxilotu zuten, alboko auzoan, Lakua-Arriagan. Orduan ere, emakume batek laguntza eske deitu zien. Adierazi zien bikotekide ohia oso erasokor azaldu zitzaiola, eta iraindu ez ezik, heriotza mehatxuak ere egin zizkiola. Egoera ikusita, emakumeak bizilagun baten etxera ihes egin zuen. Emakumea eta bizilaguna elkarrizketatuta, udaltzainak emakumearen etxean zegoen gizonarengana joan ziren. Gizona oso aztoratuta zegoen, eta lasaitzeko asmotan, anbulantzia batean erietxera eraman zuten, Poliziak kontatu duenez.

Han zegoela, agenteek emakumeak azaldutakoaz galdetu zioten, eta, jarraian, gizonak udaltzain bati eraso egin zion. Erietxean sendagiria jaso ostean, agenteek eurekin eraman zuten gizonezkoa, emakumeari eta seme adingabeari zerbait egiteko arriskua zela eta.

Gipuzkoan, epai bat berretsi dute

Iazko azaroaren 5ean 26 urteko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak Donostiako masajista bati, 13 urteko neska bati, 14ko bati eta 15eko beste bati sexu erasoak egiteagatik, eta ziberjazarpena egiteagatik. Akusatuak epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, errugabetasun presuntzioa urratu zitzaizkiola eta egindako frogaren okerreko balioztatzea argudiatuta. Bada, gaur EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako auzitegiaren epaia berretsi du, gizonak biktimekin izan zituen mezuak frogatzat erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.