Bi gizon atxilotu dituzte asteburuan Gasteizen, indarkeria matxistari lotutako delituak egitea egotzita. Larunbat goizaldean 33 urteko gizon bat atzeman zuen Gasteizko Udaltzaingoak, bikotekideari eraso egitea eta irain egitea leporatuta. 02:00etan jakinarazi zieten udaltzainei eraso bat gertatu zela Koroatzea auzoan, eta etxe kanpoan hitz egin zuten emakumearekin. Biktimak kontatu zuenez, gizonaren eraso hura ez zen lehenengoa izan. Gizonarekin hitz egin zuten gero, eta atxilo hartu zuten.
Igande goizaldean, berriz, 22 urteko gizon bat atxilotu zuten, bi emakumeri ukituak egitea egotzita. Udaltzain batzuk Herrandarren kalera joan ziren liskar batengatik, eta bertan ikusi zuten emakume bat gizon bat atxikitzen ari zela. Emakumeak zera leporatzen zion gizonari: hari eta haren lagun bati ukituak egitea. Horregatik, udaltzainek gizona atxilotu zuten, sexu erasoak egitea egotzita.