Ikamak bi greba egun iragarri ditu martxorako

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenean egingo dute lehenengoa, eta martxoaren 17an bigarrena, gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat eginez.

Ikama antolakundearen mobilizazioa iazko urriaren 15eko Palestinaren aldeko greba egunean, artxiboko irudi batean.
Ikama antolakundearen mobilizazioa iazko urriaren 15eko Palestinaren aldeko greba egunean, artxiboko irudi batean.
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko urtarrilaren 26a
10:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo, gaur eta beti ikasleok lehen lerroan lelopean bi greba egun iragarri ditu Ikama ikasle antolakundeak: martxoaren 3rako eta 17rako. Lehenengoa Gasteizen duela 50 urte egin zuten sarraskian hildakoak omentzeko egingo dute, eta, egun horretarako, mobilizazio nazionala ere antolatu dute. Martxoaren 17ko greba, berriz, gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin bat eginez egingo dute. Hain zuzen, greba zikloa «memoria historikoa eta herriaren subiranotasuna» erdigunean ipintzeko helburuarekin egin dute.

Espainiako Poliziak bost langile hil zituen 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen: Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Mari Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda. Horiek gogoan izateko, «memoria historikoaz eta ikasle mugimenduak transmisioan eta langile borrokan daukan garrantziaz» jardungo da Ikama. Urteurrenean ikasgelak hustu eta mobilizazioa egingo dutela jakinarazi dute, Gasteizko campuseko Elurreta eraikinetik abiatuko dena. 

Antolakundeak martxoaren 17rako ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deitutako grebarekin bat egingo duela ere iragarri dute. Adierazi dute bat egiten dutela Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko leloarekin, eta greba horretan planteatzen den «burujabetza ariketan» ikasleek «ezinbesteko rola» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.