Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta patronala. Hiru erakunde horiei begira egingo dute martxoaren 17ko greba orokorra. ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek ofizialki erregistratu dute mobilizazioa, eta Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500€. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko leloa izango du.
Sindikatu horiek salatu dutenez, «gutxieneko soldataren inguruko erabakiak Euskal Herritik urrun hartzen dira gaur egun». Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak ezartzen du kopurua, berbera Espainian eta Hego Euskal Herrian, eta, nabarmendu dutenez, hori oso urrun dago Hego Euskal Herriko «langileen eguneroko beharretatik eta bertako errealitate sozioekonomikotik». Azpimarratu dute azken urteotan soldatak ez direla «bizitzaren kostuaren igoerari erantzuteko bezainbeste handitu». Sindikatuek uste dute patronalaz gain Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere badirela egoera horren «erantzule», eta ezin dutela «neutral» jokatu. Patronalarekin «lerratzea» leporatu diete Pradalesen eta Txibiteren gobernuei.
Gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da gaur egun Espainian eta Hego Euskal Herrian. Madrilek %3,1eko igoera proposatu du 2026rako. Igoera hori azkenean parlamentura iristen bada eta hark babesa ematen badio, 1.221 eurokoa izango da soldata. Grebara deitu duten sindikatuen arabera, berriz, 1.500 eurokoa izan beharko luke, eta «hemen» erabaki beharko litzateke.
Haiek kalkulatu dutenez, Hego Euskal Herrian 300.000 langilek baino gehiagok jasotzen dute 1.500 euro baino gutxiago hilean, eta erdiek baino gehiagok jardunaldi osoan lan egiten dute. Horrekin batera, gogoratu dute gutxieneko soldata igoz gero soldatak orokorrean igo egingo direla, eta eragin zabalagoa izango duela lan merkatuan.
«Hirugarren bidea»
Sindikatu horiek denbora luzea daramate elkarlanean gutxieneko soldata propioaren alde, eta haien arteko batasun sindikalaren aldarrikapen bakarrenetarikoa bihurtu da. Iazko Maiatzaren Lehenean bat egin zuten eskaera horrekin, eta, iritzita inplikatutako erakundeek ez dutela aurrerapausorik eman ordutik hona, koska bat estutu nahi dute presioa.
Bi bide jorratu dituzte hilabeteotan. Batetik, herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta beste bat Nafarroako Parlamentuan, ia 140.000 sinadura bilduta, baina bi ganberek ez zuten tramiterako onartu, eta «eztabaidatzeko aukera bera ere ukatu» zieten. Egitasmo horren helburua zen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena Madrildik Hego Euskal Herriko erakundeetara ekartzea, baina, bi gobernuetako alderdien ustez, ez dute hori eskatzeko lege babesik.
Bestetik, sindikatuek lanbide arteko akordio bat proposatu diete patronalei, baina haiek ez dute negoziatu nahi izan, Jaurlaritzak bide hori babestu zuen arren.
«Hirugarren bidea» ireki nahi dute orain: gutxieneko soldataren eskaera estatus juridiko politikoak berritzeko eztabaidetan sartzea EAEn eta Nafarroan.
Jaurlaritzaren erantzuna
Bestalde, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berretsi du autonomia erkidegoek ez dutela eskumenik lanbide arteko gutxieneko soldata bat ezartzeko. Adierazi du grebarako eskubidea errespetatzen duela, baina ez datorrela bat deialdiaren arrazoiekin.
Gogorarazi du bere sailak azterketa bat egin zuela gutxieneko soldatari buruz. Horren arabera, 1.268 eta 1.385 euro artekoa izan beharko luke gaur egun, eta EAEko lan itunetan negoziatu beharko lukete bertako patronalek eta sindikatuek. Bere ustez hori da gai honetan akordioa lortzeko bidea.