Bi iritzi kontrajarri, hasteko

Xabier Ezeizabarrenak eta Manuel Monterok lehen agerraldiak egin dituzte autogobernuari buruzko lantaldean«Burujabetza partekatua» defenditu du batak, eta «Estatutuaren balioa» besteak

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Abiatu dira Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldeko agerraldiak. Lehen aldiz bildu zenetik ia bi hilabetera. Eta,hasteko, ikuspuntu erabat kontrajarriak dituzten bi adituren ekarpenak entzun dira: Xabier Ezeizabarrena Zuzenbidean doktore eta Gipuzkoako EAJko biltzarkidearena eta Manuel Montero Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiarena. Ez dute bat egin ez azalean ez mamian. Nork bere iritzi eta irakurketak egin ditu autogobernuaren egoeraz eta garapenaz. Batetik, Ezeizabarrenak ikuspuntu juridiko batetik defenditu du «Euskadik burujabetza partekatua» gauzatzeko eskubidea duela, eta, bestetik, ikuspuntu historikotik argudiatu du Monterok Euskal Herria ez dela «subjektu politikoa».

Ezeizabarrenak bere hitzaldiari jarritako izenburuak argiki laburbildu du ondoren azaldu duena: Eskubide historikoak, Estatutuaren eguneratzea eta burujabetza. Eta, lehen ideia gisara, estatuarekiko «alde biko harremanak sakontzeko» beharra aipatu du jeltzaleak. Haren ustetan, Espainiako Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak Euskal Herriaren foru izaera zuzenbidean bermatu behar du, eta, horregatik, tresna egokia da alde biko harreman horiek garatzeko. «Logikoa» litzateke, haren irudiko, aldebikotasun harreman horiek erabiltzea EAEren barruan itun berri bat negoziatzeko aurrena, eta ondoren akordio hori estatuarekin negoziatzeko.«Elkarrekiko berme eta leialtasunaren» seinale litzateke hori, haren hitzetan.

Haatik, Ezeizabarrenak gogoratu du egun ez dagoela adostutako tresnarik eskubide historikoak bezalako berezitasun horiekEuropan zuzenean onartzeko.Konponbidea, baina, itunen eguneratzea litzatekeela dio. Hala, Europako hainbat herrialdetako adibideak jarri ditu: azaldu duenez, Alemaniak, Austriak eta Belgikak beren konstituzioak eraberritu dituzte, eta, ondorioz, erakutsi dute berezitasunak kontuan hartu daitezkeela baldin eta borondate politikoa badago.

Eskoziaren kasua ere aipatu du, Euskal Herriarekin «antzekotasun juridiko» asko dituela iritzita. «Eskoziako eskubide historikoek identitate politiko bat aitortzen diote herrialdeari, eta nazio izateko eskubide historiko hori jasota geratu da erreferendumera eramango den akordioan». Gurera ekarrita, EAE eta Nafarroako eskubide historikoak oinarri hartuta, indarrean dagoen araudia eguneratzea proposatu du Ezeizabarrenak, estaturik gabeko nazio gisa Europan zuzeneko parte hartzea bermatzeko. «Gatazkak konpontzeko bideak bilatu behar dira zuzenbidean, ez baita onargarria gatazkak betikotzeko erabiltzen diren argudioak. Zuzenbidean interpretazio bideragarriak eta gauzagarriak bilatu behar dira soluzioak aurkitzeko» .

Joseba Egibar jeltzalearen galdera bati erantzunez, Ezeizabarrenak adierazi du Espainia gaur egun ez dagoela prest «subjektu politiko berriak» onartzeko. Ordea, Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak eskaintzen dituen legezko tresnak erabiliz gero, uste du «ate bat» irekiko litzatekeela alde biko harremanetan sakonduta bide hori jorratzeko.

«Estatutua osasuntsu dago»

Oso bestelako azterketa egin du, ondoren, EHUko errektore ohiak. UPDk egindako agerraldi eskaerari erantzunez joan da Manuel Montero lantaldera, eta Gernikako Estatutuaren defentsa sutsua egin du. Estatutua «bizikidetzaren bermea» eta «arrakasta baten historia» dela dio, eta horregatik ez duela ulertzen zer dela-eta batzuk amaitutzat eman nahi duten. Hala, Estatutua «hiltzat» jotzen dutenei erantzun die ez dela «zonbi» bat eta «osasuntsu baino osasuntsuagoa» dagoela.

Irmo mintzatu da ondoren Estatutuaren eguneratzea eta itun berriak nahi dituztenen inguruan. Bi bide baino ez daudela ohartarazi die: Estatutuaren bidea hartzea, edo horrekin «apurtzea» eta burujabetzaren bideari ekitea. Bi bide horiek «kontrajarriak» direla iritzi dio, eta aukeratu beharra dagoela. Bere apustua lehena dela argi utzi du: «Ez dut ulertzen zergatik aldatu behar den funtzionatzen duen zerbait, areago itunaren bidea egokia dela erakutsi denean». Haren ustez, Estatutuak azken urteetan ahalbidetu duen «bizikidetza apurtuko» luke burujabetzaren bidea hartzeak.

Estatutu politiko berri bat lortzea ez dela euskal gizartearen lehentasuna adierazi du, era berean. «Gizartearen %3ri baino ez zaio interesatzen». Hori bai, Estatutuan zenbait «aldaketa» egitea egokia izan daitekeela uste du, baina hori «premia handirik gabe» egin daitekeela. Lehentasun handiagoa du, haren aburuz, EAEko erakunde egitura berrikustea eta murriztea, «eraginkorragoa» izan dadin. Halaber, azpimarratu du Euskal Herria ezin dela subjektu politikoa izan eta Europako demokrazietan ez dagoela jasota «sezesiorako» eskubiderik.

Autogobernuari buruzko lantaldearen egitekoaz, bestalde, «oso eszeptikoa» dela aitortu die legebiltzar taldeei. Ez dela fio bertan aterako diren ondorioekin. Izan ere, 2002an legebiltzarrean bertan autogobernuari buruz egindako batzordean ere parte hartu zuen Monterok, eta orduan egindako lanek ez zutela «ezertarako» balio adierazi du. Taldeei gogoratu die batzorde haren lanak hurrengo egunean «ahaztu» egin zirela, ondorioen txostenak adituen «iritzi ezberdinen batuketa» baino ez zirela izan eta egindako ahalegin guztia «ezerezean» geratu zela. Orduan egindako «okerrak» orain berriro ez errepikatzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.