Udaltzainek bi lagun zauritu dituzte Barakaldon, tiroz, eta horietako bat larri dago

Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian gertatu da tiroketa, udaltzainak bertara joan direnean.

Tiroketa bat izan da gaur goizean Barakaldon, eta hura ikertzen ari dira. LUIS TEJIDO / EFE
Tiroketa bat izan da gaur goizean Barakaldon, eta hura ikertzen ari dira. LUIS TEJIDO / EFE
2024ko martxoaren 21a
13:10
Entzun

Bi lagun tiroz zaurituta eta hiru atxilotu. Tiroketa bat izan da gaur goizean Barakaldon (Bizkaia). Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian gertatu da tiroketa, 08:30ean. Udaltzainak bertara joan dira, eta tiro egin dute. Ondorioz, bi lagun zauritu dituzte: horietako bat larri dago, eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.

EITBren arabera, udaltzainak ingurua hustera joan dira, eta «arma zuriak» zituzten zenbait lagunekin egin dute topo. Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasuneko zinegotziak Tele7 telebistari adierazi dio udaltzainak «ohiko jardunean» ari zirela gertatu dela tiroketa, eta udaltzainek «egoki eta zuzen» jokatu dutela. «Garden jokatuko dugu, eta udaltzainen jarduera babestu». «Zoritxarrez», zinegotziak gehitu duenez, «liskar bat izan da, tiroak eta bi zauritu». Zehaztu du tiroak erasoren baten ondorio izaten direla «beti», erreakzio moduan egiten dela tiro.

Zinegotziak adierazi du ikuseremua txikia dela gune horretan. Lutxana eta Barakaldo lotzen dituzten tunelak horma batekin itxi zituzten, baina zenbait herritarrek hormetan zuloak egin izan dituzte, tuneletan babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.