Bi legek elkar jotzen dutenean

Espainiako botere judizialean, talka bat dago 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen eta 1977ko Amnistia Legearen artean, GEBehatokiak azaldu duenez. Auzitegi Konstituzionalak lege berriari lotutako kereila asko itxi ditu 1977ko legea oinarri hartuta.

GEBehatokiak antolatutako jardunaldietako mahai ingurua, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
GEBehatokiak antolatutako jardunaldietako mahai ingurua, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 31
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak polemika bat jarri nahi izan du mahai gainean: adierazi dute Espainiako botere judizialaren barruan talka bat dagoela 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen eta 1977ko Amnistia Legearen artean. Talka horri nola aurre egin eztabaidatu dute gaur goizean, Donostian egindako jardunaldi batean. 

Iratxe Urizar GEBehatokiko kide eta abokatuak adierazi duenez, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak ematen dituen aukera guztiak baliatu dituzte estatuaren indarkeria jasan duten biktimei aitor diezaieten giza eskubideak urratu dizkietela. Dena dela, azaldu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak itxi egin dituela lege horretan oinarritutako kereila asko eta asko, 1977ko Amnistiaren Legea oinarri hartuta: «Interpretazio judizial bat egiten dute epaileek, beto eskubidearekin bezala funtzionatzen duena, eta, aldi berean, bidea ixten diote gertatutakoaren aitortza eskatzen duten kereila ugari beste modu batera interpretatzeko aukerari; horixe izan beharko luke Memoria Demokratikoaren legearen asmoak». Urizarrek erantsi du 2022ko lege hark gabeziak dituela eta, bestalde, auzitegi horretako epaile gehienek pentsamolde kontserbadorea dutela. 

Memoriaren Legean oinarrituta, guztira 158 salaketa aurkeztu dira 2014tik, Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan. Horietako hiru GEBehatokiak bultzatu ditu: Txomin Letamendirena (1950), Josu Mugikarena (1976), eta Jose Luis Mondragon Elorza eta Roke Xabier Mendezena (1977). 158 salaketa horietatik 150 artxibatu dituzte Amnistia Legea baliatuta. Euskal Herrian bi kasuk egin dute aurrera: Letamendirenak eta Mugikarenak.

Letamendiren auzia tramiterako onartu ondoren itxi zuten, bi torturatzaileak hilda daudela argudiatuta. Halere, asteartean borondatezko jurisdikzioaren bidez aztertu zen haren inguruko eskaera; Letamendiren torturak aitortzeko eta frankismoko epaiak deuseztatzeko eskatu zuten. Oscar Sanchez abokatuaren ustez, hori da egungo jurisdikzioarekin egin daitekeen gauza bakarra. Josu Mugikaren auzia, berriz, tramiterako onartu dute, eta aurrera doa; Jose Luis Mondragon eta Roke Xabier Mendezena, berriz, lehen fasean dago oraindik.

Sanchezek adierazi du 2022ko Memoria Demokratikoaren Legeak berritasunak ekarri dituela: «Esaterako, mahai gainean jartzen du tribunal frankisten legitimitatea eta frankismo garaitik eratorritako sententzia politikoen baliogabetasuna». Baina abokatuak adierazi du lege horrek ez dituela bete espero ziren helburu guztiak, besteak beste ez duelako modurik eman frankisten krimen batzuk epaitzeko; esaterako, torturatzaileenak, biktimagileenak eta bestelako delitu larriak egin zituztenenak. Lege horretan bertan argitzen da nazioarteko zuzenbideak indar handiagoa duela juridikoki Amnistia Legeak baino, eta hala ere ez da betetzen. Zer dela eta? Sanchezen ustez, oztoporik handiena interes eta borondate falta da; uste du sistema osoak aurrerakoiagoa izan behar lukeela. 

Ez dute aipatu gabe utzi Nazio Batuen Erakundeko lau mandatarik Espainiako Gobernuari egindako eskaera. Aurpegiratu diote, batetik, giza eskubideei lotutako nazioarteko eginbeharrak ez betetzea, eta, bestetik, frankismo eta trantsizio garaian egindako krimenen inguruko kereilak ez bideratu izana.

Maiatzeko Plazako Amen kasua

Carolina Villela abokatuak Argentinako kasua eraman du eztabaidara, eta Maiatzeko Plazako Amen kasua ekarri du gogora. Azaldu du biktimak ezinbestekoak izan zirela Argentinan gertatzen ari zenari ikusgarritasuna emateko eta pedagogia egiteko, eta haiek izandako jarrerak posible egin zuela auzi prozesu asko eta asko bultzatzea, hala nola Memoria, Egia eta Justizia Legearen prozesua: «Ikaskuntza soziala izan zen, eta, horren ondorioz, Maiatzeko Plazako Amak eta Amonak ero izateari utzi zioten, eta giza eskubideen defendatzaile izatera igaro ziren». Erantsi du nazioarteko kooperazioa ezinbestekoa izan dela beti: «Berriro gerta ez dadila eskatzen dugunean, ez dugu esan nahi lurralde horretan berriro ez gertatzea, baizik eta inon ez gertatzea berriro».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA