Espainiako Poliziak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu Bilboko Santutxu auzoan, bi emakume migratzaile prostituzioan aritzera behartzea egotzita. Poliziaren arabera, biktimetako batek salaketa aurkeztu zuen, sexu esplotaziorako salerosketa sare baten biktima izan zela adieraziz. Orduan abiarazi zuten ikerketa.
Emakumeak jakinarazi zuenez, jaioterrian atzeman zuten, Espainian legezko lan bat emango zioten promesa eginez. Etxeko lanak egin behar zituen ustez, eta adingabeak zaindu. Horrez gain, helarazi zioten denborarekin bere egoera erregularizatzeko aukera izango zuela. Bilbora iritsi zenean, baina, egoera bestelakoa izan zen: duela hiru hilabete inguru iritsi zen Santutxuko etxebizitza batera, eta prostituzioan aritzera behartu zuten. Egoera berean zegoen beste emakume bat zegoen bertan. Atxilotutako gizona eta emakumea etxebizitza horretan bizi ziren, baita emakumearen bi seme-alaba adingabeak ere.
Behin biktimak kontatutako gertakariak berretsita, Poliziak emakumea atxilotu zuen joan den ostegunean, prostituzio hertsagarriaren ustezko delitua egotzita. Andrearen bikotekideak mehatxu egin zion biktimari, 24 orduko epean salaketa kentzeko presio eginez. Poliziak justiziari oztopo egiteko saiakeratzat jo zuen hori, eta hura ere atxilotu zuten.
Epailearen esku utzi zituzten bi atxilotuak, eta, deklaratu ostean, aske utzi zituzten, karguekin. Biktimak, berriz, Poliziaren babespean daude, eta arreta espezializatua eskaini diete.