Foruzaingoak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu Cascanten, eta hiru pertsona ikertzen ari da, abuztuan Iruñeko harrera zentro batetik 6 urteko haur bat eramateagatik. Foruzaingoaren arabera, lapurtutako auto batean sartu zuten mutikoa, eta ihes egin zuten. Zehaztu du atxilotuak eta ikertuak adingabearen senideak direla. Atxilotuetako bat espetxeratu egin dute, hura aurkitzeko eta espetxean sartzeko aginduak baitzeuden indarrean, beste delitu batzuengatik.Â
Harrera zentro bateko hezitzaile batek jarri zuen salaketa Iruñeko Udaltzaingoan: 6 urteko mutikoa eraman egin zutela. Salaketan zehaztu egin zuen zer eratako autoan eraman zuten. Hezitzaileak salaketa jarri eta gero, beste herritar batek salatu zuen autoa lapurtu ziotela. Hezitzaileak zehaztutako auto mota zen. Poliziak autoa aurkitzeko antolatu ziren, eta aurkitu egin zuten. Autoan zihoazenek ihes egin zuten Polizia ikusi zutenean, eta arriskuan jarri zituzten «poliziak eta errepideko gainerako erabiltzaileak», Foruzaingoaren esanetan.
Cascanteko udaltzainek herrian aurkitu zuten autoa. Foruzaingoak umea bertako etxe batean zegoela baieztatu zuen, eta bi pertsona atxilotu zituzten, gizon bat eta emakume bat. Foruzaingoak zehaztu du emakumea autoa gidatzen ikusi zutela, baina gidabaimena behin-behinean indargabetuta duela, eta bide segurtasunaren kontrako delitua ere egotzi diote. Bi atxilotuez gain, hiru pertsona ikertzen ari dira, gertakariekin harremana dutelakoan. Hiru pertsona horietako bat adingabea da.