Bi lagun atxilotu dituzte gaur Iruñean, joan den urrian Palestinaren alde egindako protestei lotuta. Espainiako Poliziak BERRIAri adierazi dionez, atxilotuei «desordena publikoa» eta «Poliziari eraso egitea» egozten diete.
Zehazki, protestak urriaren 15ean izan ziren, LAB, CCOO —EAEkoa eta Nafarroakoa—, Steilas, Solidari, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatutako lanuztearen egunean. Poliziak erran duenez, egun hartan goizean egin ziren manifestazioei lotutako atxiloketak dira.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak elkartasuna adierazi die atxilotuei. Haiek aske uzteko exijitu dute, eta mobilizaziora dei egin: gaur 19:00etan elkarretaratzea eginen dute Nabarrerian.