Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen, sexu esplotazioa leporatuta

Asiako lau emakume mendean hartuta zeuzkaten. Nafarroan hamalau urteko zigorra jarri diote gizon bati, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik

Donostiako udaletxearen aurrean, asteburuko bortxaketak gaitzesten. BERRIA.
Erredakzioa
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak jakinarazi duenez, uztailaren 5ean eta 20an bi pertsona atxilotu zituzten Irunen (Gipuzkoa), sexu esplotaziorako pertsonen salerosketa eta sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituak egotzita. Poliziaren esanetan, mendean hartuta zeuzkaten lau emakume prostituzioan aritzera behartzen zituzten Irungo etxe batean.

Azaldu dutenez, ikerketa iazko maiatzean hasi zuten. Poliziak «prebentziozko kontrol bat» egin zuen etxean, «sexu zerbitzuak eskaintzen zituelako». Delitu zantzuez ohartu, eta beste zenbait bisita egitea erabaki zuten. Azkenean, ondorioztatu zuten gizon batek eta andre batek prostituzioan aritzera behartzen zituztela lau andre. Ikerketaren arabera, lau emakumeak Asiakoak dira, inguru pobreetakoak, eta menpeko pertsonak zituzten jaioterrian. Paperik gabe zeuden Euskal Herrian, eta irabazien erdia bi atxilotuei eman behar zieten.

Bestalde, muturreko indarkeria matxistako kasu baten inguruko ebazpena eman zuen atzo Nafarroako Probintzia Auzitegiak: gizon bati hamalau urteko espetxe zigorra ezarri diote, emakumezko bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. 2021eko otsailean gertatu zen, Azagran: gizonak andrea oharkabean harrapatu eta jo egin zuen «objektu batekin», eta gero Poliziarengana joan zen, esanez emaztea hil zuela. Erasoaren ondorioz, emakumeak «kalte kognitibo larriak» ditu, eta galdua du eguneroko hainbat jardun oinarrizko egiteko autonomia. Biktimarengandik hogei urtez urruntzeko agindua ere jarri diote gizonari.

Erasoak jaietan

Itaiak sexu eraso bat salatu zuen atzo Baionako bestetan; biktimaren lagun batek salatu zuen erasoa. Baionako bestetan sexu eraso bat izan zen asteazken gauean ere, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi zuenez. Bi sexu erasoez gain, emazte batek salaketa jarri zuen atzo, bortxaketagatik. Baionako bestetan zela ostegun gauean, Euskaldunen plazan iratzarri zen, aurreko orduen oroitzapenik batere gabe. Inkesta abiatu du Poliziak.

Era berean, Donostian larunbat goizaldean izandako bortxaketak arbuiatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, udaletxe aurrean; onartezintzat jo zituzten «emakumeen duintasunaren eta sexu askatasunaren aurkako jokabide matxistak». 26 urteko gizon bat atxilotu zuten ostegunean, bi eraso horien egilea delakoan. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere «gaitzespen irmoena» erakutsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.