Bi pertsona kondenatu dituzte Iruñean tutoretzapeko hiru adingabe prostituitzera bultzatzeagatik

39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkie epaileak delitugileei

Nafarroako Justizia Jauregia artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 6a
17:16
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiak 39 eta 29 urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete gizon eta emakume banari adingabeak prostituziora bultzatzeagatik. Delituak 2021eko irailean gauzatu zituzten, gizonak Iruñean zuen etxebizitza batean.

Hiru neska adingabe dira biktimak; Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean zeuden eta egoitzatik edota harrera familiengandik ihes egiten zutenean joaten ziren kondenatuaren etxebizitzara. Bertan, gizonezkoak sexu harremanak izan zituen nerabeetako batekin, eta gizonak zein emakumeak prostituziora bultzatu zituzten adingabeak. Nerabeetako batek 14 urte bete gabe zituen. Epaileak ebatzi du adingabeen «babesgabetasun» egoera baliatu zutela bi kondenatuek.

Horrez gain, neskei drogak ematen zizkieten sexu harremanak izaterakoan hartzeko zein ordainsari gisa. Epaileak adingabeak prostituziora bultzatzeagatik eta osasun publikoaren aurkako delituagatik zigortu ditu gizona eta emakumea: 29 urteko kartzela zigorra ezarri die. Gainera, gizonari sexu gehiegikeria egotzi dio, hortaz, 39 urteko zigorra jarri dio guztira.

Bestetik, hiru ustezko bezero ere epaitu dituzte. Horietako batek delitua onartu zuen eta bi urteko kartzela zigorra ezarri diote. Gainerako biak errugabetzat jo dituzte; Fiskaltzak eta akusazio partikularrak hamabost urteko zigorra eskatzen zuen haientzat. Adingabeetako batek bezeroetako bat identifikatu zuen, baina epailearentzat frogak ez dira nahikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.