Bi urte pasatu dira Jaurlaritzak espetxe politika bere gain hartu zuenetik

Basauriko, Martuteneko eta Zaballako espetxeetan 1.577 pertsona daude preso. Jaurlaritzak esan du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek».

Zaballako espetxea, artxiboko argazki batean. RAUL BOGAJO, FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 30a
17:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren eskumena bere gain hartu zuenetik bi urte beteko dira bihar, eta horren harira, azken bi urteotako balantzea plazaratu du gaur Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak. Txostenaren arabera, 1.577 pertsona daude preso Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetan; horietatik %14 behin-behinean daude, eta gainerakoak, zigortuta. Hiru espetxe horietan dauden euskal presoak guztira 142 dira; gehienak Zaballan daude.

Jaurlaritzak nabarmendu du azken bi urteotan «euskal espetxe eredua» garatzea baldintzatu dutela azpiegituren «gabeziek»; bereziki, haien «antzinatasunak» eraginda. Hala ere, Zubietan (Gipuzkoa) eraikitzen ari diren espetxean jarri dute soa: «Gehienezko gaitasun operatiboa handitzea espero da». Esan dute Martutenekoa ordezkatuko duen espetxea datorren udaberrian martxan jartzeko asmoa dutela, «epeak betetzen badira».

Erregimen itxiko sailik ez dago hiru kartzeletan, eta Jaurlaritzak esan du hainbat preso lekualdatu behar izan dituztela arrazoi horrengatik. Hala ere, gogorarazi du horrelako sail bat irekitzekoak direla Zaballan datorren urtean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako presoen ezaugarrien berri ere eman dute balantzean. Adierazi dute preso gehienak 31 eta 50 urte artekoak direla, eta %31,5 atzerritarrak direla; emakumeak, berriz, presoen %8 dira. Espetxeetako «heterogeneotasuna» handitu izanak liskar kopurua handitu duela esan dute; «ez da egoera larririk sortu, ezta kontrolatu ezin denik ere».

Hiru kartzeletan dauden presoen %31k dute hirugarren gradua —425 presok—, eta gehienak bigarren graduko erregimenean daude. Bi preso daude lehen graduan —biak, Zaballan—, eta 317 dira sailkatu gabekoak. 221 daude baldintzapean aske.

Euskal presoei dagokienez, hiru kartzeletan dauden 142 presoetatik gehienak (118) daude bigarren graduan, eta bi sailkatu gabe. Hirugarren graduan daudenak 22 dira, eta baldintzapean aske daudenak, hamalau. Bide batez, Etxerat-ek deituta 3.000 lagun inguruk mobilizazioak egin zituzten atzo, «salbuespenezko espetxe politikaren» amaiera eskatzeko.

Jaurlaritzak nabarmendu du haren helburua dela presoek haien zigorrak «duintasunez» betetzea erraztea, «haien eskubideak errespetatuz eta gizartera bizkor itzultzeko prestatzen lagunduz».

Aurten, gutxienez hiru preso hil da Jaurlaritzaren menpeko espetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.