Bi urteko kartzela zigorra ezarri diote Baztan ibarreko gizon bati, gorroto delituagatik

Mezuak bidali zituen zenbait enpresatara, migratzaileak ez kontratatzeko eta kontratatuta zeuzkatenak «espainiarrekin» ordezkatzeko eskatzeko.

Nafarroako justizia jauregia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako justizia jauregia, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko otsailaren 25a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio Baztan ibarreko gizon bati, zenbait enpresatara mezu elektronikoak bidaltzeagatik, migratzaileak ez kontratatzeko eskatzeko. Gorroto delituagatik zigortu dute. 720 euroko isuna ere ezarri diote. Zigorra hitzartu dute defentsak eta fiskaltzak.

Zigortuak aitortu du berak bidali zituela mezu elektronikoak, 2020 eta 2023 bitartean. Aringarri gisa aplikatu diote eragindako kaltea konpontzea: epaiketaren aurretik mezuak bidali zituen enpresa horietara, «barkamena eskatzeko gorroto eta aurreiritzi giroa sustatzeagatik», eta konpromisoa hartu zuen «errespetu, tolerantzia eta elkarbizitza giroa bultzatzeko».

Enpresen zerrenda

Epaiaren esanetan, zigortuak, «atzerritarren bereizkeria eta bazterkeria bultzatzeko asmoz», idatzi bat prestatu zuen, eta zenbait enpresatara bidali. Enpresa horiei eskatu zien «espainiarrak» soilik kontratatzeko, eta migratzaileak baldin bazituzten, haien ordez espainiarrak jartzeko. Zehaztu zien ez zutela marokoarrik kontratatu behar. Enpresei jakinarazi zien «migratzaile gehiegi» zituzten enpresen zerrenda bat osatuko zuela, epaiaren arabera «jendeak horren berri izateko, eta informazio hori kontsumoarekin lotu».

Mezu elektroniko horiek bidaltzeak eragin eta oihartzun publikoa izan zuen sare sozialetan. Diskriminatzaileak zirela salatu zuten hainbat erabiltzailek. 

Zigortua, behin-behinean, ez dute espetxeratuko, baina bi baldintza bete beharko ditu: bi urtean deliturik ez egitea eta berdintasunari buruzko ikastaro batean parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.