Sakelako telefonoari begira gidatzen ari zen Donostian, eta zebra bide bat gurutzatzen ari zen emakume bat harrapatu zuen. Ez zuen emakumea artatu, eta ihes egin zuen bere lantokiko aparkalekuraino. Autoak kolperik ba ote zuen begiratu zuen. Emakumearen sakelako telefonoa aurkitu zuen autoaren kapotaren eta aurreko beiraren artean. Telefonoa hartu eta sasiarte baten atzera bota zuen.
Donostiako instantzia auzitegiko zigor atalak bi urteko kartzela zigorra ezarri dio gidariari, EFE agentziak jakinarazi duenez. Bi delitugatik zigortu du: alde batetik, zuhurtziagabekeriaz jokatzeagatik eta lesioak eragiteagatik; bestetik, istripuaren lekutik joateagatik. Aringarri bat aplikatu dio: eragindako kaltea konpontzea. Izan ere, akusazioek 24.000 euro inguruko kalte ordaina eskatu zioten, eta kopuru ia osoa ordaindu zuen epaiketa hasi aurretik. 352 euroko isuna ere ezarri dio epaileak. Ezingo du ibilgailu motordunik eta ziklomotorrik gidatu hiru urte eta zortzi hilabetean. Fiskaltzak hiru urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen. Akusazio partikularrak, sei urtekoa.
Hamar metrora
Zigortua lantokira zihoan 2022ko irailaren 9ko 14:40 aldera. Emakumea zebra bide bat gurutzatzen ari zen. Epaiaren arabera, gidaria ez zen horretaz konturatu, «gidatzen ari zelarik sakelako telefonoa erabiltzen ari zelako», eta oinezkoa harrapatu zuen zebra bidean. Emakumeak autoaren aurreko beira jo zuen, ibilgailuaren sabaian pirritan joan zen, eta errepidera erori zen, zebra bidetik hamar bat metrora.
Gidaria ez zen geratu. Gidatzen jarraitu zuen. Lantokiko aparkalekura iritsi zenean, autoa aztertu zuen, kalterik ba ote zuen ikusteko. Emakumearen sakelako telefonoa aurkitu zuen kapotaren eta aurreko beiraren artean. Sasiarte baten atzera bota zuen, «ez zezaten harrapaketarekin lotu», epaiaren esanetan. Epailearen ustez, gidariaren jokabidea ezin da zuhurtziagabekeria larritzat jo, epaiketan ez baitzen egiaztatu orduko 60 kilometroko abiadura gainditu zuela.
Emakumea, istripua izan eta gero, ospitale bateko ZIU zainketa intentsiboetako unitate batean artatu zuten. 176 egun behar izan zituen istripuak eragindako lesioak sendatzeko.