Bi urteko zigorra eskatu dute AHTaren lau aurkarirentzat

Desordena publikoa leporatu diete, ekintza baketsu batean Zornotzako zubi batetik eskegitzeagatik

Lau ekintzaileei babesa adierazi zieten atzo, epaitegiaren kanpoan. J. H. / ARP.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
AHT abiadura handiko trenaren aurka ekintza baketsu bat gauzatzeagatik, Zornotzako (Bizkaia) lau gazte epaitu zituzten atzo, Bilbon. Desordena publikoa leporatuta, bina urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak haientzat, eta absoluzioa galdegin zuten defentsa abokatuek. AHT Gelditu elkarlanak babesa adierazi zien akusatuei, epaitegiaren kanpoko aldean AHTrik ez! Errepresiorik ez! lelopean egindako elkarretaratzean.

Justu atzo, epaiketaren egunean, hiru urte bete ziren gazteei leporatutakoa gertatu zenetik. AHTa eraikitzeko lanak Durangaldean abiatu behar zituztela salatzeko, ekintza bat antolatu zuten 2009ko uztailaren 17an. Eskualdeko hiru herritan egin zituzten protestak: Elorrion eta Abadiñon, beren buruak bidoi batzuetara katez lotu zituzten ekintzaileek; Zornotzan, berriz, zubi batetik eskegi eta tren azkarraren aurkako pankarta bat erakutsi zuten.

Ekintza hori epaitu zuten atzo Bilbon. Desordena publikoa leporatu zieten lau akusatuei —biri, eskegitzeagatik; eta beste biri, ingurua zaintzeagatik—. Fiskaltzaren arabera, «arriskua» eragin zuen gazteen ekintzak, Montorrako zubi azpiko errepidean zebiltzan gidarientzat, hain zuzen. Atzoko saioan deklaratu zuten bi ertzainek fiskalaren tesia berretsi zuten: esan zuten ekintzak zirkulazioa oztopatu zuela, eta erantsi zuten arriskua, gidariei ez ezik, eskegi zirenei eurei ere eragin ziela.

Defentsa abokatuek, bestalde, ekintzaileen jardunean deliturik egon izana ukatu zuten, eta, horretarako, frogatzen saiatu ziren ez zela izan «arrisku jakinik». Lau akusatuek esan zuten ez zutela oztopatu zubi azpiko errepideko ibilgailuen zirkulazioa. Arrisku egoerarik izatekotan, hara joandako ertzainei leporatu zieten halakorik eragitea, sokak hartu eta mugitzeagatik.

Ildo beretik mintzatu da AHT Gelditu elkarlana, ohar bidez egindako balorazio batean. «Lotsagarritzat» jo ditu ertzainen deklarazioak, «gezurretan» ibili direlakoan. Tren azkarraren aurkako taldeak nabarmendu du «ekintza guztiz baketsua kriminalizatzen» saiatzen ari direla. Era berean, auzia hiru urtez luzatu izana ere deitoratu du taldeak.

Defentsa, baikor

Defentsak akusatuen absoluzioa eskatu zuen, argudiatuta ekintzak ez zuela arriskurik. Fiskalak bina urteko zigor eskaerari eutsi zion, baina akusazio formala besterik ez zuen egin; hau da, ez zuen egin defentsa aktiborik: frogen balorazioa epailearen esku utzi zuen. Fiskalaren jokabide horrek baikor izateko arrazoiak eman dizkie defentsako abokatuei, fiskala aktiboki ez jarduteak absoluzioa ekar dezakeelakoan. Horrenbestez, auzia epaiaren zain geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.