Auzo zahar, auzo berri (V)

Murruak eraiki, eta gero zer?

Erregeren Iturriko auzoa estreinatu zuten udan Bidarten: 140 etxebizitza, horietarik ehun prezio apalagoetan eskuragarriak. Oposizioak gaitzetsi du proiektua ez egin izana osorik eredu sozialean, baita gunearen antolamendurik ez pentsatu izana ere.

Erregeren Iturriko auzoko etxebizitzak. NAHIA GARAT
Erregeren Iturriko auzoko etxebizitzak. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
Bidarte
2026ko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidartek ongi irudikatzen du Lapurdi kostaldeko etxebizitzaren egoera: dagoen jende kopurua bezainbeste apartamenturik ez, eta pertsona gutik etxebizitza baten erosteko ahalmena; kostalde osoan bezala, prezioak goregi direlako. Hots, etxebizitza sozialen erronka Bidarteri ere egokitzen zaio, nola ez, baina proiektuak sortzeko garaian bada desadostasunik egiteko manerari dagokionez. «Erran dute etxebizitza sozialen kontra ginela», azaldu du Isabelle Charritton Bidarteko oposizioko hautetsiak: «Gezurra da. Gu herriko etxearen egiteko maneraren kontra gara, etxebizitza proiektuak komertzio guneen handitzeko baliatzen baitituzte, etxebizitza sozial gehiago sortu beharrean, hain zuzen».

Bidarteko Erregeren Iturriko auzoaz mintzo da Charritton, auzo sortu berria uztailean estreinatu baitzuten. Orotara, 140 etxebizitza daude, horietarik %81 sozialak: 36 etxe urtean alokatzekoak dira; berrogei, ikasleentzat pentsatuak; beste 24, prezio apalagoetan erosi ahal izatekoak; eta geratzen diren berrogei etxebizitzei prezio librean edo arrazoizko prezioan heltzen ahal zaie. Erresidentzia irekia da dagoeneko, ikasleentzako etxebizitzak salbu, horiek datorren ikasturterako bukatzekoak baitituzte, baita haurtzaindegi baterako egoitza ere.

 
(ID_15610995) (Nahia Garat) Lidl gibelean eraikitzen diren etxebizitzak : eraikinak, oinezko bideak, espazio berdeak, Bidarte. 2025...
Oraino obretan diren ikasleentzako etxebizitzak, Erregeren Iturriko auzoan, Bidarten. NAHIA GARAT

Oposizioak ezarritako errekurtsoengatik izan ez balitz, auzo berria lehenago irekiko zuten, baina hara, Bihartean zerrendakoak ez ziren ados Bidarteko Herriko Etxearen jokamoldearekin, batez ere merkataritza gune baten handitzeko baliatu dutelako etxebizitza sozialen proiektua. Lidl saltegi ohiaren gibeleko lurretan eraiki dituzte etxebizitza berriak, baina, horrekin batera, Lidl zaharra desegin eta beste bat eraikitzeko proiektua ere aitzina eraman dute. «Merkataritza gunea soilik handitu nahi izan balute, ezinen zuten, tokiko hirigintza planak ez baitu halakorik onartzen. Orduan, merkataritza proiektua etxebizitzenari txertatu zioten, eta partzela trukaketak egin».

Izan ere, Bidarteko hirigintza planak eraiki gabe utzi beharreko lur eremuen ehunekoa trenkatzen du, baina ehuneko hori ez da berdina bizitegietarako lurretan edo saltegietarako lurretan. Merkataritza guneetan, adibidez, lurren %20 eraiki gabe utzi behar da; bizitegi guneetan, berriz, %30. Afera da lehengo merkataritza gunea ezin zutela gehiago handitu, bestela eraiki gabe utzi behar den %20a gaindituko baitzuten. «Orduan, globalki landu dute proiektua: merkataritza gunean eraiki gabeko lur biziki guti dira, hots, %20 baino gutiago, baina bizitegi gunean %30 baino gehiago».

Maryse Sanpons ekintza sozialaren, elkartasunaren eta etxebizitzaren axuanta da Bidarteko Herriko Etxean. Holaxe eman du azalpena: «Hasieran arazo batzuk izan ziren agian, baina ondotik partzelak trukatu ditugu orekatzeko».

«Operazio publiko osoa egin zezaketen, eta, hala, etxebizitzen %100 sozialak izan zitezkeen. Baina herriko etxeak ez du baliatu lehentasunez erosteko duen eskubidea»

ISABELLE CHARRITTON Bidarteko oposizioko Bihartean zerrendako hautetsia

Halere, Charrittonek zera gaitzetsi du finean: auzo berri bat plantatzeko garaian herriko etxeak komertzioen handitzeari garrantzi gehiago eman izana; zeren merkataritza guneko lur eraiki gabeak bizitegi guneetan sartuz gero, orduan lur gutiago geratzen dira etxebizitzak egiteko.

Promotore pribatua

Promotore pribatu bati eginarazi diote proiektua, gainera. Charrittonen ustez, herriko etxeak berak eros zitzakeen merkataritza gune gibeleko lurrak, jabeak 1,5 milioi euroan «besterik» ez baitzituen saldu. «Diru aldetik, argiki, ahalmenak baziren; oraino gehiago PFL sistemarekin aritu izan balira». Inbertsioen errentaren gaineko zergak kentzen ditu sistema horrek. «Operazio publiko osoa egin zezaketen, eta, hala, etxebizitzen %100 sozialak izan zitezkeen, Bidarteko eta Euskal Herriko herritarrentzat. Baina herriko etxeak ez du baliatu lehentasunez erosteko duen eskubidea».

Charrittonek ez du ulertzen zergatik ez duten hori egin; izan ere, hirian beste auzo baten sortzeko garaian aukera paregabea izan zitekeen. Are gehiago, oposizioari «sekula ez zaio azalpenik eman nahi izan eskubide hori baztertu izanaz». Eta, orokorkiago, Charrittonek salatu du sekula ez dela eztabaidarako aukerarik izan Erregeren Iturriko proiektuaren inguruan: «Lau urte eta erdiz egina izan da, kontsultarik gabe; demokratikoki biziki kritikagarria da, bai herritarrei begira, bai herriko kontseiluari eta oposizioari begira».

Sanponsi erabakiaz galdeturik, fite heldu zaio alde teknikoaren azalpena: «Hainbeste proiektu ditugu kudeatzeko Bidarten, ezin baitugu denetan izan. Operadore pribatuak rol zentrala jokatu du aferan, baina prozesu osoa hurbiletik segitu dugu». Funtsari dagokionez, makurrago ibili da azalpenetan: «Etxebizitzen %100 ez dira sozialak, baina gizarte aniztasuna bermatua da denetan. Itsasbazterrean ere, berriki, gisa bereko proiektuak eraman ditugu: etxebizitzen %80 prezio apalagoetan eskuragarri. Kontua ez da etxebizitza sozialetan arazo gehiago direla, denetan dira arazoak, baina nahiago dugu denetarik izan dadin denetan».

«Etxebizitzen %100 ez dira sozialak, baina gizarte aniztasuna bermatua da denetan. Itsasbazterrean ere, berriki, gisa bereko proiektuak eraman ditugu»

MARYSE SANPONS Bidarteko ekintza sozialaren, elkartasunaren eta etxebizitzaren axuanta

Ingurunea antolatu

Behin etxebizitza sozialen proportzioaren eztabaidak alde batera utzirik, auzo berria hirian plantatzeko garaian ariko ziren galdezka: nola sartuko dugu auzo hori, hiriari loturik, baina ingurune goxoa ukan dezan? Ezin bailitzateke hamar etxebizitza multzo eraiki eta besterik gabe hola utzi; auzo giroa ere beharko du.

Gogo horri lotua da, hain zuzen, haurtzaindegiaren proiektua. Ikasle apartamentuekin batean, haurtzaindegi ttipi bat irekiko dute irailean, Celeste elkartearen eskutik, Erregeren Iturriko auzoan. «Populazio nahiko dinamikoa dugu, aski gaztea; orduan, garrantzitsua zitzaigun haurtzaindegi leku gehiagoren ireki ahal izatea», esplikatu du Sanponsek.

Gunearen antolamenduak ere garrantzi handia badu. «Departamendu bide baten ondoan denez auzoa, autobusak badira ordu laurdenero pasatzen direnak Baionara edo Donibane Lohizunera joateko. Eta, ez arras bukatua, baina auzoko etxebizitzen arteko belarguneak antolatzen ari gara, nola erran, baratze itxura har dezaten-edo; jendea promenatzera joan ahal izan dadin». Xenda berdeak ere aurreikusi dituzte, Bidarteko alde batetik bestera ibili ahal izateko, Erregeren Iturritik beretik autoa hartu gabe. «Dudarik ez da gaur egun gazteek ezin dutela gehiago baratzea duen etxerik erosi. Gehienez, orain, balkoia duen apartamentua dute, baina orduan oinez ibiltzeko guneak eskuragarri ukan behar dituzte».

 
(ID_15610983) (Nahia Garat) Lidl saltegia handitzeko obra, Bidarte. 2025/12/11
Lidl saltegi berriaren obrak, Bidarten. NAHIA GARAT

Funtsean horrekin ados da Charritton, baina merkataritza gunearen problematikari heldu dio berriz. «Zirkulazio anitz dagoen bide baten ondoan da auzoa, oraindik beteagoa izanen dena, komertzio gehiago ezarri baitituzte; merkataritza gunea neurriz kanpokoa da Bidarte bezalako hiri baterako; hurbileko komertzioen sortzeko aukera oro hiltzen du, gainera». Hots, Charritton beldurturik mintzatu da oposizioaren izenean, merkataritza gune handituaren komertzio guziak behin plantaturik ez ote den Erregeren Iturriko auzokoen egunerokoa biziki kaltetua izanen jendetzagatik eta auto metaketagatik.

RD810 bidea pasatzen da auzoaren ondoan: «afruskeria hutsa», Charrittonen ustez. «Deus ez da eginik izan, zero antolamendurik: beraz, jende gehiago ekarrarazten dugu eremu horretara, baina deus ez dugu egiten gunea bizigarria bilaka dadin. Bide inguru hori da aldaketa gehien jasan dituena azken urteetan, eta ez da deus egin bidartarren bizimodua hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.