Madrilen jarrera kritikatu badu ere, harekin akordio bat egiteko aukera zabalik utzi du EAJk azken egunetan. Eta hori egin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik. Lehendakariaren bide orriaz mintzatu dira batzuk. Beste batzuek, aldiz, uste dute Aberri Egunari begira eginiko adierazpenak direla. Edonola ere, Urkulluren hitzek hauspotu egin dute eztabaida.
Aberri Egunean eginiko adierazpenen bidez edo igandean bertan Vocento taldeko egunkari batean esandakoekin, Madrilekin elkarrizketa prozesu bat abiatzearen alde azaldu da lehendakaria, eta proposatu du Espainiaren eta EAEren artean «alde biko harreman askea» jasoko lukeen estatus politiko berri bat negoziatzea. Urkullu mintzatu da burujabetza partekatuaz, «ez independentziaz». Eta Europan «ahots propioa» izateaz. Kezkatuta azaldu da, baina, Espainiako Gobernuaren orain arteko jarrerarekin. «Argi dago Espainian arazo bat dutela: ez erantzuten baino ez dakite», azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak, halere,erantzun dio lehendakari. Uzbekistandik. Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroaren bidez. Ohi duen eran. Esan du Espainiako Gobernua estatus politikoaz hitz egiteko prest dagoela, betiere «legearen barruan» bada, «Espainiako nazionalitate baten erabakiak [Espainiako] lurralde osoari eragiten diotelako».
Atzerri ministroaren hitzek, haatik, ez dute Eusko Jaurlaritza gogobete. Lakuako iturriek azaldu dutenez, ez dute «ezer berririk» ekarri eztabaidara eta «porrot» egin duen autonomien estatu ereduari lotzen zaizkio. «35 urte daramatzagu hitz politak entzuten eta, aldi berean, behin eta berriz urratu dute [Gernikako] estatutua». Antzera mintzatu da Urkullu ere, oposizioak eginiko kritikei erantzunez, ezohiko bide bat erabiliz: Interneteko Facebook sare sozialaren bidez. Lehendakariak azpimarratu du estatus berriaz eztabaidatzeko garaia ez dela dioten berberak direla Gernikako Estatutua edukiz hustu dutenak. Jaurlaritza eta lehendakaria, beraz, ez dira PPz eta PSOEz fio, baina keinu bat egin diete.
Urkulluren hitzek harridura sortu badute ere, oposizioko alderdiek ez dute uste lehendakariak norabidea aldatu duenik. PSE-EEk eta PPk EAJren betiko jarrera ikusi dute Urkulluren hitzen atzean. Adierazpen «nahasgarriak» egitea leporatu diote. Proposamen zehatzik ez izatea. Aldi berean aurkako bi gauza esatea. Alderdi independentistek ere zalantza asko agertu dituzte lehendakariarekin hitzekin. Uste dute Urkulluren adierazpenek aurretik saiatutako eta «porrot» egindako bide bat marrazten dutela. Eta azpimarratu dute alde biko bideaz ez, alde bakarrekoa saiatu behar dela.
Hala, EH Bilduk uste du ez dela Espainiako eta Frantziako estatuei begira jartzeko garaia. Madrili begira egoteak «inolako zentzurik» ez duela dio Maite Ubiria bozeramaileak. «Ezin dugu onartu gure herriaren borondatea disolbatzen eta ukatzen duen proposamenik». Josu Juaristi Europarako bozetarako EH Bilduko hautagaiak, berriz, azpimarratu du ez dela «errealista» Espainiarekin alde biko edo berdinen arteko harremana eduki nahi izatea, hori litzatekeelako Espainia izatea «orain arte izan ez dena». Horren harira, Juaristik uste du «beste urrats batzuk» egin eta herritarrak «askoz gehiago aktibatu» behar direla, «herrialde gisa» pentsatzen duten alderdi politikoekin batera «estatua eraikitzeko» pausoak emateko. Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak ere kritikatu ditu Urkulluren hitzak. Uste du konponbidea ez dela etorriko Espainian «eroso» sentituta. Haren ustez, lehendakariak «fokuz kanpo» kokatu du eztabaida. Espainiara ez, Europara begira jarri behar delako: «Espainian ez, Europan sentitu behar dugu eroso, ahots propioarekin». Larreinaren esanetan, eztabaida «nortasun nazionalen errespetuan» oinarritu behar da, eta hori ukatu egiten du Madrilek. «Espainia kartzela bat da, derrigor egon behar duzun lekua».
PSE-EEk, berriz, ez du gaizki ikusi Urkulluren proposamena, haren xedea bada «Espainian txertatzea», eta ez independentzia. Hala, Idoia Mendia bozeramaileak eta Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EE idazkari nagusiak «euskal eta katalan nazionalistei» eskatu diete Espainiako Konstituzioa aldatzeko sozialistek proposatutako estatu egitura federalarekin bat egiteko, beren ustez hori delako Espainiako Estatuan «ondo txertatzeko konponbidea eta irteera bakarra».
Borja Senper EAEko PPren bozeramaileak, berriz, independentziarako asmoak baztertzeko eskatu dio EAJri, «horrela soilik zabaldu daitezkeelako elkar ulertzeko esparruak».
Bilbo, Madril, Bartzelona
Bada, halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren asmoak Kataluniako prozesuarekin lotu dituenik. Madrilgo gobernuaren iturriak aipatuz, Kataluniako La Vanguardia egunkariak atzo argitaratutako informazioen arabera, Espainiako lurralde egituraketaren negoziazio baten eskeman kokatu nahi du Madrilek Urkulluren proposamena, Kataluniako prozesu subiranista urardotzeko. Kataluniako Gobernua eta CIU ere mintzatu dira Urkulluren proposamenari buruz, baina ez dute bere egin. Francesc Homs bozeramaileak «errespetua» azaldu dio lehendakariaren asmoari, baina zehaztu du Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrentzat «onena» litzatekeela Katalunia kanpoan uztea. Nolanahi ere, Jaurlaritzak gogoratu duenez, Urkulluk beti bereizi egin ditu EAEko eta Kataluniako prozesuak. Eta azpimarratu dute lehendakariak beti utzi duela Eusko Legebiltzarraren eskuetan estatus berriari buruzko eztabaida eta akordio bat egiteko aukera. Ez du, gainera, proposamen zehatzik mahai gainean jarri nahi izan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin zuenaren kontrara. Urkulluk ez baitu alde bakarreko prozesurik nahi.
Bide orria edo hauspoa
Urkulluk Madrili proposatutako alde biko harremana «porrot» egingo duela uste du EH Bilduk eta «estatua eraikitzera» deitu duPSEk ez du gaizki ikusten, xedea «Espainian txertatzea» bada eta ez independentzia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu