'Bidean bat gara', aurtengo Nafarroa Oinez-en bideoklipa

Erentzun eta San Fermin ikastoletako ikasle eta arduradunak, gaur, 2026ko Nafarroa Oinez-en abestiaren eta bideokliparen aurkezpenean. NAFARROAKO IKASTOLAK
Ion Orzaiz.
2026ko ekainaren 30a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vianan marraztutako mapa/ Ebrotik dator garizko algara/ harrizko bide/ labanda usainezko egusenti. Vianako Erentzun eta Zizurko San Fermin ikastolek elkarrekin antolatutako Nafarroa Oinez festak baditu abestia eta bideoklipa: Bidean bat gara. Montalbo taldea arduratu da doinuak ontzeaz, eta letrak, berriz, Hasier Larretxea idazle nafarrarenak dira. AZK komunikazio agentziak ekoitzi du bideoklipa, eta gaur aurkeztu dute Iruñean, Nafarroako Ikastolen egoitzan.

Erentzun eta San Fermin ikastoletako ikasle eta arduradunak, gaur, 2026ko Nafarroa Oinez-en abestiaren eta bideokliparen aurkezpenean. NAFARROAKO IKASTOLAK
Erentzun eta San Fermin ikastoletako ikasle eta arduradunak, gaur, 2026ko Nafarroa Oinez-en abestiaren eta bideokliparen aurkezpenean. NAFARROAKO IKASTOLAK

Edurne Apalauza Nafarroa Oinez 2026ko ordezkariak azaldu duenez, hasieratik helburutzat izan dute «parte hartze ahalik eta handiena sortzea», eta horregatik jo dutela Logroñoko (Espainia) Montalbo musika taldearengana. Apalauzak nabarmendu du Montalbok «hasieratik» erakutsi zuela «Nafarroako euskararen jaiari ekarpena egiteko borondatea, euskaraz hitz egin ez arren». Era berean, eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten sortzaile, musikari eta laguntzaile guztiei, azpimarratuz abestia «pertsona askoren ilusioaren, lanaren eta konpromisoaren emaitza» dela.

Herritik mundura/ eskura euskara/ Nafarroa Oinezen/ taupada ta algara, entzun daiteke abestiaren errepikan. Gaurko agerraldian, David Arandiak, Montalbo taldeko kideetako batek, azaldu du abestia «bi munduren arteko uztarketa» dela: «Erritmo bitarren eta ternarioen arteko nahasketa, bi ikastolen arteko elkarlanaren metafora gisa». Horrez gain, gaur egungo soinuak eta euskal musika tradizionaleko tresnak uztartu dituzte —trikitixa, txalaparta eta panderoa—, «ohikoa denaz harago doan proposamen artistikoa osatzeko».

Sormen prozesuan parte hartu duten guztien lana eskertu du Arandiak, bereziki Maria Mateo, Ines Osinaga eta Hasier Larretxearena, eta baita abestiaren grabazioan eta ekoizpenean aritu diren profesionalena ere. Aipamen berezia egin die ikastolako haurrei eta irakasleei, taldeko musikarientzat «hunkigarria» izan baitzen haiekin koruak grabatzea.

Urriaren 18an eginen dute aurtengo Nafarroa Oinez, Erentzun eta San Fermin ikastolek elkarlanean antolatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA