Pasaiako segada. 30. urteurrena

Bidebietatik Pasaiara

1984ko otsailaren 23an hil zuten KAAek Enrique Casas PSOE-PSEko kide, senatari eta hautagaia, hauteskunde kanpainan. Egoera astindu zuen horrek; Pasaiako segadarekin lotu izan da gerora.

Casasen eta Buesaren omenaldia, otsailean, Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainako azken aurreko eguna zen 1984ko otsailaren 23koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Handik hiru egunera ziren hautatzekoak Eusko Legebiltzarrerako bigarren legegintzaldirako kideak. Behar baino lehen bukatu zen kanpaina, ordea. Komando Autonomo Antikapitalistetako kideek Enrique Casas (1943, Guadix, Espainia) hil zuten tiroz Donostiako bere etxean, Bidebieta auzoan. PSOE-PSEko antolakuntza idazkaria zen garai hartan, eta baita senataria eta Eusko Legebiltzarrerako Gipuzkoako hautagaia ere. Garai hartan batzuen eta besteen indarkeria eguneroko ogi izan arren, astindua eragin zuen gertaera hark egoera politikoan.

Ostegun arratsaldez egin zuten atentatua, eta berehala zabaldu zen berria. Laster etorri ziren erreakzioak. Samina eta amorrua izan ziren nagusi alderdikide eta Euskal Herriko nahiz Espainiako Senatuko lankideen adierazpenetan, eta ETAren eta HBren aurka jo zuten gehienek. Euskadiko Ezkerrak, esaterako, mezu berria sartu zuen kanpainako iragarkietan: «ETAk HBrentzat eskatzen du botoa, eta beste alderdietako hautagaiak hiltzen ditu. Eman botoa Euskadiren eta askatasunaren alde». Hiletara gonbidatu zituen herritarrak PSOE-PSEk, «alderdi politikoen arteko batasun izpiritua berpiztu eta Euskal Herriak kontzientzia har dezan ETAk ez duela lekurik demokrazian».

EAJ ere kritikatu zuten hurrengo egunean sozialistek, «beste batzuek bezala», kanpainan PSOE GALekin lotzeagatik, «modu horretan behar zuten babesa emanez Enrique Casasen hilketa justifikatu nahi zutenei». Ukatu egin zuten jeltzaleek halakorik egin izana, baina GALen ekintzak kontrolatzeko beharraz oharatarazi zuten: «Gobernutik bertatik irtendako zantzu askoren arabera, boterearen inguruan kokatzen dira [GALekoak]».

Ia inoiz ez bezala, «erabateko gaitzespena» adierazi zuen HBren Mahai Nazionalak, urgentziaz ateratako agirian. Ekintzak «gerra zikinaren bidezko konfrontazio artifiziala» bilatzen zuela esan zuen. Haren ustez, hauteskundeetan eragin nahi zuten egileek, HBren aldeko jarreren gorakada geldiarazteko. PSOEren, EAJren eta EEren «demagogia» ere kritikatu zuten, errua Euskal Askapen Mugimenduaren gain jartzegatik. «Nor dago heriotza honen atzean? Ikerpen lanerako oinarrizko irizpidea da galdetzea deskontrol politikoa egokitzen duen ekintza hau noren alde bihurtzen den galdetzea da».

Aurrez ere hil zituzten politikariak eta kargudun publikoak KAAek eta, batez ere, ETA politiko-militarrak: frankismo garaiko zenbait alkate aurrena, eta UCDko eta APko kideak ondoren. Ulergaitza izan zen ia guztientzat, ordea, PSOEko senatari eta hautagai bat hiltzea, hauteskunde kanpaina betean.

Bitartean, greba orokorrera deitu zuten ELAk, UGTk eta CCOOk. Dei bera egin zuen LABek ere, bere aldetik; «erabateko gaitzespena» adierazi zuen gerra zikinaren aurka, «Euskadi benetan demokratizatzeko neurriak» eskatuz, eta HBri botoa ematera deituz. Kanpaina amaitutzat eman zuten alderdiek. Baita HBk ere. Hala nabarmendu zuen Iñaki Esnaola legebiltzarkideak, gau hartan bertan El País-i egindako adierazpenetan. «Orain, GALek badu aitzakia gu jomugan jartzeko». Bi aukera zituen buruan: hilketa «trama beltz bat»izatea, edo KAAen ekintza izatea.

Gerra zikinaren erantzuna

Bigarrena zen zuzena. Komando autonomoetako kide ohi Joseba Merinoren hitzetan, alderdi politikoen arteko ika-mikak baino oinarrizkoagoa zen atentatuaren egileen arrazoia: Espainiako Estatuak GALen eskutik sortutako errepresioari erantzutea. 1984ko otsailerako ekintzak egiten hasia zen GAL: Joxean Lasa eta Joxi Zabala, Ramon Oñederra Kattu, Mikel Goikoetxea Txapela, Bixente Perurena Peru eta Angel Gurmindo Stein... Hilaren 17an, beste albiste batek esnatu zituen: ETA militarreko Iñaki Ojeda hil eta beste bi lagun zauritu zituzten tiroz GEO Espainiako Poliziako operazio talde bereziek, Barakaldoko etxe batean (Bizkaia). Antxon Gude Pego Antxon Handi-rekin elkartu zen Merino, Gasteizen. «Honek ezin du erantzunik gabe jarraitu», esan zuten.

GALen inguruko erantzukizunak oraindik argitzeko badaude, are ilunagoa zen guztia orduan, hainbatek PSOErekin lotu arren. Merinok dio ez zuela zalantzarik: «Niretzat argi zegoen gobernuaren erabaki bat zela, eta inplikatuta zeudela gertaeren lekuan gobernatzen zuen alderdiko arduradunak, beren borondatez». Bi pertsona zituen buruan, «logikaz»: PSOE-PSEko idazkari nagusia eta antolakuntza idazkaria; Jose Maria Benegas Txikieta Casas.

Bi bizkartzain zituen Casasek, etxetik kanpoko bidaietan laguntzen ziotenak. Hiruren aurka jotzea pentsatu zuten aurrena, Merinoren hitzetan, «presio psikologikoa» areagotzeko bizkartzainekin zebiltzan gainerako politikariei ere. Baina inguruan poliziak sumatu, eta bertan behera utzi zuten saioa. Azkenean, etxeko atea jo, obretako langileak zirela esan, eta han egin zioten tiro.

Aldarrikapenak

Egun hartan, atentatuaren egiletzaren inguruko bi aldarrikapen jaso zituzten hedabideetan, telefonoz. Mendeku izeneko talde batek egin zuen bat, hilketarekin gerra zikina akabatu nahi zutela azalduz. Hala jaso zuen Egin-ek: «Entzun arretaz. Mendeku taldea gara. Hainbat aldiz ohartarazi dugu Alderdi Sozialistako kideen aurka joko genuela, gerra zikinaren erruz. Orain hor dago froga. Enrique Casas exekutatu dugu eta politika honekin jarraituko dugu gerra zikina amaitu arte. Orain, lasai har dezakete atseden Steinek, Peruk, Lasak, Zabalak, denek. Ez gara inongo talde politikotako parte. Mendeku gara. Agur». Mendeku komando autonomo bat zela esan izan da, baina aldarrikapena faltsua izan zela dio Merinok, «desinformatzeko interesa zuen norbaitek» egina.

Komando Autonomoen izenean egin zuten bigarrena, atentatuaren inguruko zehaztasun gehiago emanez: «Atentatua 38ko errebolber berezi batekin egin da, sei tiro, eta beste zazpi SF 81 zorrodun automatiko batekin». ETA militarrak parte hartzea ukatu zuen, DYAra deituta.

Hilabete lehenago, urtarrilaren 11n, heriotza mehatxua egin zieten Komando Autonomo Antikapitalistek PSOEren Euskal Herriko buruzagi guztiei: «Ez dugu onartuko PSOEren poliziek Frantziako Gendarmeriarekin elkarlanean egindako hilketa eta bahiketa gehiago Ipar Euskadin». Haren berririk ez duela dio Merinok.

Gobernuaren erantzuna

Larunbaterako, Espainiako Poliziak ziurtzat jo zuen beren egiletza, eta ihesean zeuden kideak identifikatu eta bilatzeko lanari ekin zion. «Polizien artean inpresioa dago unitate antiterroristek 'ezohiko ahalegina' egingo dutela atentua gauzatu zuen komandoa aurkitzeko», argitaratu zuen El País-ek. Hilabete barru etorri zenerantzuna, martxoaren 22an: Pasai Donibaneko segada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.