Gipuzkoako errepideak kudeatzeko Bidegi sozietate publikoak eta Bidelan enpresak sinatutako hitzarmena ikertzen hasi da Donostiako auzitegia, Gipuzkoako Diputazioak auzi eskea egin eta gero. Kontratuak aldatzea erabaki zuten 2010ean Bidegik eta Bidelanek; aldundiaren arabera, itun horren ondorioz, gastuetarako diruaz gain, 15,6 milioi gehiago jaso ditu lau urtean Bidelanek. Enpresak esana du bidezkoa izan zela aldaketa, autobideetako zirkulazioa uste baino apalagoa zelako; aldundiak iragarritako azpiegiturak ez egiteari egotzi zioten hori, eta horregatik adostu zuten diru kopurua handitzea. Diputazioak auzitegian azaldu zuen kontratu hori «kaltegarria» dela erakunde publikoentzat. Epaitegiko bidearekin batera, negoziaziorako aukera irekia utzia du diputazioak.
Herrialdeko bi errepide nagusiren kudeaketa du Bidelanen esku utzia Bidegik: AP1 eta AP8 autobideena. Enpresa horrek irabazi zituen bi bideak kudeatzeko lehiaketak. AP8 errepidearen ardura aurten bertan bukatuko zaio Bidelani; AP1arena, 2015ean. Zenbat pagatu, errepideetako zirkulazioaren arabera egitea adostu zuten kontratuan; zenbat ibilgailu igarotzen diren errepideetatik, horrenbeste diru ordainduko zion Bidegik. Kontua da uste baino ibilgailu gutxiago dabilela bideetan.
Gastua eta %7,7 gehiago
Egoera horretan erabaki zuten kontratuak aldatzea Bidegik eta Bidelanek, 2010ean. Aldundiaren arabera, ordaindu beharrekoa zehazteko sistema aldatu egin zuten. Zirkulazioaren arabera ez dio pagatzen orain Bidegik Bidelani. Enpresak gastuen justifikazioa ematen dio sozietate publikoari, eta hark gastu horiek estaltzeko adina diru eta %7,7 gehiago pagatzen dio. Aldundiaren kalkuluen arabera, aurreko sistemarekin 129 milioi euro jasoko zituen Bidelanek lau urtean, 2009tik 2012ra; era berriarekin, 144,6 lortu zituen.
Kontratu hori administrazioarentzat «kaltegarria» delakoan, bertan behera uzteko bidea abiatu zuen aldundiak auzitegian. Larraitz Ugarte diputatuak ohartarazi zuen aldaketa hori egin izana Bidelani «komeni» zitzaiola baina Bidegirentzat kaltea izan dela.
Aldundiaren urratsaren aurrean, Bidelanek nabarmendu zuen kontratuan egindako aldaketek «legezko berme guztiak» zituztela. Isaac Loiola zuzendariak azaldu zuen «hasierako baldintzak» aldatu egin zirela, aldundiak ez zituelako agindutako epean egin azpiegiturak, eta horrek zerikusia izan zuelako zirkulazioa jaistean.
Epaileak auzi eskea hilaren 7an onartu zuen, eta hogei eguneko epea jarri zion Bidelani erantzuteko. Bidegiren asmoa da kontratua bertan behera utzi eta bere gain hartzea errepideen kudeaketa, gaur egungo langileekin. Bide judiziala hasiko zuela iragarrita ere, aldundiak esan zuen enpresarekin negoziatzen segituko zuela.

Bidegi eta Bidelanen arteko ituna ikertzen ari da epailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu