Herriko bozak

Bihar dute azken epea herri kontseiluak izendatzeko

Ipar Euskal Herriko 142 herritako hautagaiek lehen itzulitik gehiengo osoa lortu dute. Maiatzaren 18an hartu zuten kargua hautetsiek, eta bihar dute azken epea kontseilu eta auzapezak izendatzeko.

Herriko bozen lehen itzulia, martxoaren 15ean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 27a
11:00
Entzun

Martxoaren 15ean egin zuten herriko bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herrian. Koronabirusaren hedapenaren ondorioz, bertan behera utzi zuten hauteskunde prozesua. Lehen itzulitik bozen gehiengo osoa lortu zuten zerrenda batzuek, 142 herritan, eta, beraz, erabakita gelditu zen emaitza. Herri horietako hautetsiek maiatzaren 18an hartu zuten kargua, eta, geroztik, herri kontseilua eta auzapeza izendatzeko elkartu dira. Bihar dute azken epea herriko etxeetako karguak banatzeko. Azken egunetan, hainbat herritako kontseilu eta auzapezak ezagutarazi dituzte, hala nola Angelun, Donibane Lohizunen, Biriatun (Lapurdi) eta Donapaleun (Baxenabarre).

Gainontzeko 18 herrietan aurkeztu ziren zerrendek ez zuten gehiengo osoa lortu martxoaren 15ean. Ondorioz, bigarren itzulia egin beharko dute ekainaren 28an. Egoera sanitarioagatik, egun horretara atzeratu zuten martxoaren 22an iragan behar zen hauteskunde eguna. Birusaren hedapena murrizteko, ekaineko bigarren itzulirako neurri bereziak hartu ditu Frantziako Gobernuak. Bigarren itzuliko hautagaiek aukera daukate beste zerrenda batekin —edo gehiagorekin— batzeko. Ikusteke dago, beraz, zein izanen diren bigarren itzulira aurkeztuko diren zerrendak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.