Bihar hasiko da Askatasuna eta D3Mren aurkako epaiketa, Madrilen

ETAren aginduz lan politikoa egitea leporatzen diete 13 auzipetuei; 109 urte eskatu dituzte guztira

jokin sagarzazu
2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak biharko deitu ditu D3M Demokrazia Hiru Milioi plataformarekin eta Askatasuna alderdiarekin lotuta auzipetuta dauden hamahiru lagunak, horien aurkako epaiketari hasiera emateko. Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean aritzea leporatzen diete hamahiru auzipetuei, eta, guztira, 109 urteko espetxe zigorraren eskaerari aurre egin beharko diete.

Bihar hasi, eta hiru aste iraungo du epaiketak. Maiatzaren 3, 4, 7, 8, 9, 17 eta 18rako deituta daude auzi saioak. Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan egingo dira saio denak, Madrildik hamabost kilometrotara. Epaimahaia zein magistratuk osatuko duten ez dakite oraindik Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsako abokatuek. Era berean, aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez dizkietela onartu jakinarazi dute —akusazioari, aldiz,guztiak—. Hori hala, salatu dute «babes gabe» daudela auzipetuak.

Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari leporatzen diete ETAko kide izatea, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat.

2009ko martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izateagatik auzipetu dituzte guztiak. Zortzi lagun atxilotuta abiatu zuen auzia Baltasar Garzon Auzitegi Nazaionaleko epaileak, 2009ko urtarrilaren 24an. D3M eta Askatasuna legezkoak ziren artean, baina handik gutxira Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak legez kanporatu egin zituen. Kanpaina hastear zela Konstituzionalak erabaki hori berretsi egin zuen, eta, bost egun geroago, D3Mren eta Askatasunaren ekinbideak debekatu zituen Auzitegi Nazionalak, hiru urterako.

Garzonen auzipetze autoak dio D3M eta Askatasuna erakunde armatuaren aginduz sortu zirela Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan parte hartzeko —Askatasuna 1998an sortu zen—. ETAren eta «Batasuna-Ekinen» asmoa berbera zela nabarmendu zuen epaileak, eta 1998. urteko abuztuan ETA, Zutabe barne buletinean, orduko udal hauteskundeetan parte hartzearen alde azaldu zela.

Hala, Garzonek dio 2003an, HB, Batasuna eta EH legez kanpo utzi zituztenean, «ETA-Batasuna-Ekinek» hauteskundeetan egon ahal izateko «markak» sortzea erabaki zuela. Garzonen arabera, bide horretan sortu ziren EH, EHAK eta EAE-ANV alderdiak eta hainbat hautesle elkarte. D3M eta Askatasuna ere zerrenda horretara gehitu zituen epaileak.

Auzipetze autoan erabilitako froga nagusia da atxilotuen etxeetan eta miatutako egoitza batzuetan ezker abertzaleko hainbat talderen txosten politikoak aurkitu zituztela eta ekinbide politiko horiek aurrera eramateko bilerak egiten zituztela.

Ezker abertzalearen barruan lan politikoa egiteagatik edo hauteskundeetarako aukera politiko bat aurkezteagatik, beste bi auzi dauzka mahaiaren gainean Auzitegi Nazionalak — Batasuna auzia eta EHAK-ANV auzia— , eta, aurki, Bateragune auziko epaia jakinaraziko du Auzitegi Gorenak.

2003an Batasuna legez kanporatu zutenetik, guztira 104 euskal herritar auzipetu dituzte lan politikoa egiteagatik. D3M eta Askatasuna auzian 13 pertsona daude auzipetuta. Bateragune auzian, 8; EHAK-ANV auzian, 43; eta Batasuna auzian, 40. Horietatik guztietatik 10 espetxean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.