"Berriro jarriko dugu", laugarrenez. 78ko Sanferminak Gogoan plataformak jakinarazi du bihar jarriko dutela 1978ko sanferminetan Espainiako Poliziaren biktima izan zirenen omenezko afixa. Plaka bat zuten jarria Karlos III.aren etorbideko eskulturan, Orreaga karrikarekin batzen den tokian, baina uztailean ebatsi zieten. Orain, behin-behineko afixa bat jarriko dute berriz —halakoa zen joan den astean eraso ziotena— , 1978ko sanferminetan pairatutako polizia erasoaren biktimen oroipenean dioen testu batekin. Ekitaldi bat egingo dute horretarako, eta parte hartzera dei egin diete herritarrei: 19:00etan izango da, Gogoan monumentuan bertan.
Joan den astean Gogoan monumentuak beste eraso bat jasan zuen, uztailaren atentatuaren ondoren jarritako behin-behineko kartela lapurtu dute. Bihar, osteguna arratsaldeko 19-etan berriro ere beste kartel bat jarriko dugu.
— Sanfermines78gogoan (@SF78gogoan) August 28, 2019
Berriro jarriko dugu! animatu eta gerturatu zaitez! pic.twitter.com/Te9GpYUIYu
Erasoen kronologia
Lehenbiziko erasoa uztailaren 22 eta 25 artean gertatu zen. Orduko hartan, Gogoan monumentuaren plaka ebatsi zuten. Uztailaren 27an, elkarretaratze bat izan zen, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak deiturik, eta behin-behineko kartel bat paratu zuten, jatorrizkoaren mezu berarekin.
Abuztuaren 13an, behin-behineko afixa hautsi egin zuten, eta txakur gorotz batzuk utzi zituzten haren gainean. Plataformako kideek beste kartel bat paratu zuten orduan, orain desagertu dena.
Nafarroako Gobernuak joan den astean jakinarazi zuenez, Bake eta Elkarbizitza Departamentuak berriz paratuko du Gogoan eskulturaren plaka.