Sortzen elkarteak 2024. urtean sortu zuen Jauzi.eus bilatzailea. Horren bidez, familiek aukera dute euskaraz antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduera guztien berri izateko, eta baita izena emateko ere. Bilatzaileak bi eratako jarduerak biltzen ditu: alde batetik, Iruñerriko hamar ikastetxe publikotako guraso elkarteek eskainitakoak; eta, bestetik, hiriburutik kanpoko zenbait udalenak. Bihar abiatuko dute bilatzailearen denboraldi berria, eta, hilaren 31ra arte, aukera emanen dute guraso elkarteen eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko —udalek antolatutakoek bestelako egutegia eta baldintzak dituzte, eta plataforma propioak erabiltzen dituzte matrikulatzeko—.
Ikusi gehiago
Denboraldi berriaren aurkezpenean, euskarazko aisialdiaren garrantzia nabarmendu du Sortzen-ek: «Umea D eredura eramanda euskaldunduko delako ustea oso hedatuta dago familien artean, eta mezu hori osatu beharra dago, euskarazko hezkuntza arautua gure umeen denboraren %15 baino ez delako. Gainontzekoak ere izugarrizko eragina du euskararen transmisioan eta garapenean». Hori dela eta, etxean eta aisian «euskarazko zirkuituak» sortzeko beharra azpimarratu du elkarteak, eta horien artean aipatu ditu «kultur agenda, eskolaz kanpokoak, ludotekak, ipuinak, abestiak, jolasak, telebista, filmak, webguneak...».
Oraingoz, Iruñerriko ikastetxe hauetako guraso elkarteak batu dira Jauzi.eus-era: Amaiur (Iturrama), Atargi (Atarrabia), Auzalar (Orkoien), Bernart Etxepare (Txantrea), Hegoalde (Arrosadia), Joakin Lizarraga (Sarriguren), Mendigoiti (Mendillorri), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzisko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Horiez gain, Iruñerriko lau udalek ere bat egin dute egitasmoarekin. Honako hauek dira: Antsoain, Aranguren, Elortzibar eta Zizur Nagusia.
Eskaintza osoa ikusgai da webgunean, eta bihar zabalduko da guraso elkarteen jardueretan izena emateko epea. Ekainaren 1etik 11ra bitartean, guraso elkarteek beraiek jakinaraziko dute taldeen osaketa, eta orduan emanen dute aukera matrikula ordaintzeko eta plaza ziurtatzeko.