Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekide ohiari sexu eraso bat egiteagatik eta labanaz mehatxu egiteagatik

Gizonezkoa atariko eskaileran ezkutatu da emakumea iritsi arte, eta biktima indarrez sartu du etxera.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazioa, iazko azaroan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazioa, iazko azaroan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
kristina martin
2026ko urtarrilaren 6a
16:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak gaur goizean, bikotekide ohiari sexu eraso bat egitea eta labanaz mehatxu egitea egotzita. Erasoaren egilea emakumearen etxebizitzaren atariko eskaileran ezkutatu da, eta hura iritsi denean etxean sartu du, indarra erabiliz.

Gaur jaso du abisua Ertzaintzak, 09:00 aldera. Herritar batek egin du deia, emakume bat etxetik atera baita laguntza eske. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakume bat etxera itzultzen ari zela, bikotekide ohiak —atarian ezkutatuta zegoen— bizkarretik harrapatu du, iletik helduta, eta etxe barruan sartzera behartu. Han, labana batekin mehatxatu ondoren, sexu eraso bat egin dio, eta hainbat lesio eragin. Horren ostean, biktimak etxetik irtetea lortu du, eta laguntza eskatu.

Ertzainak iritsi direnean, biktimak erasotzailearen deskribapena eman die. Minutu batzuk geroago, gizona aurkitu dute, Bilboko erdialdeko kale batean. Identifikatu ondoren, atxilotu egin dute, indarkeria matxistaren esparruan sexu erasoa egitea egotzita.

Atxilotuak 40 urte ditu, eta komisariara eraman dute, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko tramiteak egiteko. Ertzaintzak biktima artatu du, eta, ondoren, ospitalera eraman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.