Konponbideari begira

"Biktima denei" barkamena eskatu diete hainbat GKEk, "egoerak eskatzen zuen bezala" jardun ez zutelako

Foro Sozialak deituta, agerraldia egin dute gobernuz kanpoko hainbat erakundeetako ordezkariek, eta barkamena eskatu diete ETAren nahiz estatuaren indarkeriaren biktimei.

GKEetako ordezkarien agerraldia. MARISOL RAMIREZ, FOKU
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 7a
15:40
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta, gobernuz kanpoko erakunde zenbaitek "adierazpen autokritikoa" egin dute, indarkeriaren inguruan iraganean izandako jarrera dela eta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren GKE gobernuz kanpoko erakundeek "barkatzeko" eskatu diete euren "jarrera ulertu ez zuten guztiei eta, batez ere, jarrera horren bidez berez ikaragarria zen min bat areagotu diegun haiei: biktimei, biktima guztiei, bai ETArenei eta bai [Espainiako] Estatuarenei".

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko eta EAEko Reas ordezkariek gaur egin duten agerraldian azaldu dutenez, zenbait hilabetez aritu dira adierazpen horren inguruan lanean, eta Foro Sozial Iraunkorrak babestu eta sustatu du eztabaida hori. Lau puntu ditu erakunde horiek izenpetutako agiriak: giza eskubideak babesteko konpromisoa, "Euskal Herriko bizikidetza demokratikorako ardatza eta erreferentzia bakarra izan daitezen"; "egia, justizia eta erreparazioa" bermatzeko eskaera; "espetxe politikako legeria arrunta" ezartzeko eta presoen urruntzea amaitzeko eskaera; eta "bake kultura, bizikidetza eta adiskidetzea" sustatzeko konpromisoa.

"Zintzotasun osoz aitortzen dugu urte gehiegitan ez dugula jardun egoerak eskatzen zuen bezala, gure etxean gertatzen ari zenaren inguruan", azaldu dute GKEek. Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak –Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren 80 bat erakunde biltzen ditu– eta EAEko REASek –ekonomia alternatibo eta elkartasunezkoan aritzen diren 70 bat elkartek osatzen dute– sinatu dute adierazpena. Gainera, Kataluniako Lafede Justizia Globalaren aldeko Erakundeen Federazioan biltzen diren 117 erakundeek ere bat egin dute adierazpenarekin.

Agerraldian izan dira: besteak beste, Eneko Calle Garcia, GGKE sustatzaileen izenean; Saioa Polo LLano, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen izenean; Luca Gervasoni i Vila, Federació Catalana d’Organitzacions per a Justicia Global-eko presidentea; eta Carlos Askunze Elizaga, REAS Euskadi elkarteko presidentea.

GKEetako ordezkariek aitortu dute badakitela sektore askok ez dutela ulertu jarrera hori eta, horren ondorioz, diskriminazio sentipena areagotu egin zaiela. "Horregatik, barkamena eskatu nahi diegu gaur, bihotz-bihotzez eta publikoki". Indarkeriaren biktima izan direnentzako egia, justizia eta erreparazioa eta salbuespen politikak amaitzeko eskatu dute gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariek. Nabarmendu dute, halaber, giza eskubideek behar dutela izan "bizikidetza demokratikorako ardatz eta erreferentzia bakar", gertatutakoa errepikatu ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.