Bake eta Bizikidetzarako 2013-2016 eperako plana aurkeztu du gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Azaldu duenez, ETAren jardun armatuaren amaiera abiapuntutzat hartuta egin dute plana, eta aurretik egindako beste lan batzuen ondorio dela azaldu du.
Urkulluk azaldu du "testuingurua aldatu" egin dela eta orain helburua ez dela "indarkeria amaitzea, bakea eta bizikidetza egonkortzea baizik". Horrela, alderdi eta erakundeei "konpromisoa" eskatu die.
Zazpi helburu zehaztu ditu Urkulluk: ETAk armak uztea, giza eskubideen urraketa guztien egiaztapena egitea, biktima guztien errekonozimendu eta ordain prozesua osatzea, memoria politika publiko bat definitzea, "testuinguru berriarekin bat datorren espetxe politika baterako akordioak" bultzatzea, gizartea elkartzeko kultura bultzatzea eta adostasun sozioekonomikoetarako adostasunak bilatzea.
Iragana, oraina eta geroa ardatz
Iraganari, orainari eta etorkizunari lotuta, guztira, hemezortzi ekinbide garatu nahi ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, iraganarekin lotuta, giza eskubideen urraketak egiaztatzen dituen txostena egin eta torturari buruzko ikerketa eta ekintzak garatuko ditu. Halaber, "terrorismoaren" biktimak gogoratzeko eta horiei aitortza eta erreparazioa emateko ekinbideak sustatuko ditu.
Orainari dagokionez, beste sei ekinbide garatu nahi ditu Jaurlaritzak. Tartean, espetxe politikari buruzko Hitzeman programa garatzea eta Ertzaintzaren konpromiso soziala lortzea bizikidetzaren eta giza eskubideen alde.
Etorkizunari begira, berriz, sei ekinbide proposatu ditu: besteak beste, bizikidetzaren aldeko hitzarmena lortzea foru aldundiekin eta udalekin, herritarren parte hartzea sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea eta hedabide publikoen konpromisoa lortzea. Orobat, gaineratu du indarkeria saihesteko hezkuntzan "oinarrizko edukiak" adostu behar dituztela, "giza eskubideetan" hezteaz gain.
Plana urrirako onartu nahi du Jaurlaritzak. Hiru hilabeteko epea irekiko du, alderdien eta eragileen ekarpenak lortzeko: irailaren 20ra arte, hain justu.