Biktima guztien aitortza, «ñabardurarik, eufemismorik eta baldintzarik gabe»

Bigarren konferentzia politikoa egin du Sarek Bilbon, konponbideaz eta aitortzarik gabeko biktimez hausnartzeko. Gogoratu dute presoei salbuespen neurriak aplikatzen zaizkiela oraindik.

Iturri, Etxeberria, Iglesias eta Beristain, Sareren konferentzia politikoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iturri, Etxeberria, Iglesias eta Beristain, Sareren konferentzia politikoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko urriaren 18a
17:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada egia bat, «oinarrizkoa baina deserosoa», Olatz Iglesias Mujikaren hitzetan: «Biktima guztiak ez dira berdin tratatzen. Ez diskurtso ofizialetan, ez politika publikoetan, ez memoria kolektiboan». Bi presoren alaba da; beraz, ondo ezagutzen du salbuespenezko espetxe politikaren «zigorra», eta ondo daki gatazketan biktima batzuk «deslegitimatu» egiten direla, «haien identitatea, ideiak, ingurua ez datozelako bat kontakizun hegemonikoarekin». Euskal Herrian ere lehen eta bigarren mailako biktimak daudela berretsi du: «Batzuk entzuten dituzte, besteak isilarazi; batzuek erreparazioa jasotzen dute, besteek azalpenak baino ez; batzuk kontakizun ofizialetan kabitzen dira, eta besteak deserosoegiak dira aitortuak izateko. Bide eman zaio sufrimenduaren eta minaren hierarkia bati, batzuen minak besteenak baino gehiago balioko balu bezala; mina ideologiaren edo egilearen arabera neurtu ahalko balitz bezala. Arduragabekeria politiko handia da hori, biktimen arteko asimetria sakondu baitu». Hain justu, biktima guztiak aitortzea beharrezkotzat jo duten ahotsetako bat izan da Iglesiasena, Sareren bigarren konferentzia politikoan: «Biktima guztiak aitortu behar dira, ñabardurarik, eufemismorik eta baldintzarik gabe».

Bilboko Euskalduna jauregian egin du Sarek ekitaldia, gaur goizean, aretoa lepo beteta zegoela, eta Ezin da gehiago luzatu lelopean. Irlandako eta Hegoafrikako gatazkak konpontzeko prozesuei erreparatu diete lehen mahaian, eta biktima guztien aitortzari bigarrenean. Amaieran, manifestu bat irakurri dute Maria Jauregi Lasa ETAren biktimak eta Joseba Azkarraga Sareko ordezkariak, eta «ahalegin» bat eskatu dute, «eskubide guztiak pertsona guztiontzat» izan daitezela eskatzeko: «Gure gizartearen etorkizuna ezin baita izan indarkeriaren absentzia soilik, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa».

«Bide eman zaio sufrimenduaren eta minaren hierarkia bati. Arduragabekeria politiko handia da hori, biktimen arteko asimetria sakondu baitu»

OLATZ IGLESIAS Presoen senidea

Bide horretan, ordea, asko geratzen da egiteko; besteak beste, biktimen aitortzaren esparruan. Naroa Iturri kazetariak gidatuta, gai horretaz aritu dira Olatz Iglesias Mujika bera, Paco Etxeberria auzitegi medikua eta Carlos Martin Beristain medikua. Hasteko, biktimei biktima deitzeko zailtasunak aipatu ditu Etxeberriak: «Berez, ez dira biktimak kategoria hori jasotzen duten arte. Eta orduan, biktima direnean, eskubideak dituzte, eta ondorioz, besteok betebehar batzuk ditugu: ezin dugu ez ikusi egin». Hala gertatu baita gerra zikinaren biktimekin, adibidez: «1985ean, GALen atzean zeudenek bonba bat jarri zioten Luis Moles auzitegi medikuari. Non dago horren polizia txostena? Noraino iritsi zen ikerketa hura? ETAren hirurehun kasu baino gehiago daude argitzeke, baina horiek ikertu egin dira. Besteenak, ez». Abandonu hori bere larruan bizi izan du Iglesiasek: «Familia askok badakigu zer den higatze hori, erakundeei behin eta berriz eskatu behar izatea zer gertatu zen ikertzeko, justizia egiteko, egia ez manipulatzeko... eta gure senideak aitortzeko giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona gisa».

Bake prozesurik gabe

Iglesiasentzat, hain zuzen, biktimen arteko desberdintasun horien ondorioz jarri behar da auzitan «bakea, justizia eta bizikidetza» hirukotearen artikulazioa: «Ez da hain erraza bakea, justizia eta bizikidetza egotea alde berean, are gutxiago modu koherente batean. Bakea ez da soilik armarik ez izatea; egiazko bakea izateko, mina aitortu eta onartu behar da. Baina indarkeria batzuk ez dira desagertu oraindik; horietako bat da espetxe politika, eta euskal presoek jasaten dituzten oztopoak». Ildo horretan, uste du presoen eskubideen auzian dagoen normaltasun pertzepzioa ez datorrela bat errealitatearekin: «Formalki legedi arrunta aplikatzen zaien arren, salbuespen neurriak indarrean dira oraindik, irizpide murriztaileen bidez: prozesu motelagoak izatea, ohikoak diren erabakiak auzitan jartzea... Presio mediatiko eta politikoak baldintzatu egiten du kartzelako tratamendua, eta horrek justizia eta ekitatea hausten ditu».

«Hemen ez dugu izan bake prozesurik, ezta horretarako esparrurik ere. Eta halakorik gabe, eman dira biktimak aitortzeko pauso batzuk, baina partzialak izan dira»

CARLOS MARTIN BERISTAIN Bake prozesuetan aditua

Desoreka horien abiapuntu gisa hartuta, Euskal Herriko gatazkaren berezitasun bat aipatu du Carlos Martin Beristainek: «Hemen ez dugu izan bake prozesurik edo bake akordiorik, ezta horretarako esparrurik ere. Eta halakorik gabe, eman dira biktimak aitortzeko pauso batzuk, baina partzialak izan dira. Biktima guztiak bilduko dituen politika bat behar dugu, Desmond Tutuk esan bezala, sufrimenduak moralki berdintzeko: giza eskubideen mota bereko urraketek aitortza bera behar dute. Kontakizun asko egon daitezke, baina kontakizun komun bat behar da, aitortuko duena giza eskubideen urraketak bidegabeak izan direla eta biktimek aitortza behar dutela».

Hainbat bake prozesutan parte hartu du Martin Beristainek, eta, eskarmentu horretatik abiatuz, azaldu du indarkeriak eragiten duen polarizazioak «hizkuntza ere bahitzen» duela: «Polarizazio soziala handia denean, bi ikuspegi izaten dira, muturrekoak, eta, orduan, ez da eztabaidatzen bakoitzak zer esaten duen, baizik eta bakoitza zer aldetan dagoen. Oso zaila da hitz egitea». 

«Benetan uste duzu gizartea oso polarizatuta dagoela?», galdetu dio Etxeberriak, bestela ikusten baitu berak: «Euskal gizarteak aurrera egin du: nik ez dut hainbesteko krispaziorik edo desadostasunik antzematen. Aldiz, alderdi politikoetan bai, hor ikusten dut polarizazioa, aitortu ezin dituzten kontuengatik: euren estrategiek ez diete uzten oinarrizko gauzetan ados jartzen». Bat etorri da Martin Beristain, eta azaldu du alderdi politiko batzuen interesek kalte handia eragin dutela biktimen elkarrizketa prozesuetan: «Elkar aitortzeko zer prozesu egin dezakegu, eta nola babes ditzakegu erabilera politikotik? Zeren hori guztia geratuta baitago esperientzia batzuk politikoki erabiltzearen ondorioz».

«Euskal gizartean ez dut hainbesteko krispaziorik antzematen. Alderdi politikoetan bai, hor ikusten dut polarizazioa: euren estrategiek ez diete uzten oinarrizko gauzetan ados jartzen»

PACO ETXEBERRIA Auzitegi medikua

Eta, hain justu, hortik abiatu behar da konponbidea, medikuaren hitzetan: «Zauriak errespetuaren bidez sendatzen dira, eta errespetua aitortzatik hasten da. Eta elkartasunetik: ez dut zurekin politikoki ados egon behar esateko gaizki iruditzen zaidala sufritu duzuna». Olatz Iglesiasek ere bide horretan ikusten du bizikidetzaren garapena: «Elkarbizitza ez da denok berdin pentsatzea. Niretzat, bizikidetza zera da, bizitza ibilbide eta proiektu diferenteak lekua izatea espazio berean. Bizikidetza prozesu hauskorra da, zauri sakonak, identitateak eta emozioak ukitzen dituelako, baina, era berean, gizarte justuago bat eraikitzeko biderik zintzoena da». Eta bide horretan aurrera egiteko «heldutasuna» ikusten dio euskal gizarteari: «Bada oinarri sendo bat, eta horren gainean jarraitu behar dugu eraikitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.