Sare Herritarreko eleduna eta ETAren biktima

Guztion ahaleginak lagunduko digu giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza lortzen

Joseba Azkarraga eta Maria Jauregi
2025eko urriaren 18a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarbizitzaz, memoriaz, errespetuaz eta etorkizun partekatuaz ari gara, eta horrek guztiak ahalegin anitza eskatzen du, non ideologia desberdinetako pertsonek lehentasuna emango diogun giza eskubideen defentsari. Eskubide guztiak pertsona guztientzat.

Bakarka eta kolektiboki eragiten diguten egoera bidegabeak ezin dira gehiago luzatu. Euskal Herriak bide luze eta mingarria egin du, hainbat hamarkadatako konfrontazioak, indarkeriak eta sufrimenduak markatua.

Urte luzez elkarbizitza apurtuta egon da. Gaur egun, ordea, elkarbizitza normalizatua eraikitzen saiatzen ari gara, pertsonen eskubideen errespetuan oinarritua eta herritarren erabakien arabera egokitzen joango dena.

Denon zeregina da gizarte berri bat eraikitzea: justuagoa, libreagoa eta guztiz humanoa.

Etorkizun komun hori iraganaren eta orainaren begirada zintzo batetik baino ez da posible.

Inor ezin da behartu bizi izandakoa ahaztera. Biktimen minak errespetua eta aitortza merezi du, anbiguotasunik gabe.

Haien oinazea ezin da erlatibizatu, ezta interes faltsuengatik politikoki instrumentalizatu ere, eta haien memoriak etika publiko partekatuaren funtsezko osagaia izan behar du.

Aitortza hori gure herrian jasan ditugun indarkeria desberdinen biktimengana iritsi behar da, oinarrizko giza eskubideak urratu zituzten torturak, jazarpen bidegabeak edo legez kontrako ekintzak sufritu zituztenak barne.

Izaeraz eta testuinguruz ezberdinak diren zauri horien guztien atzean arrazoi bera dago: giza duintasunaren urraketa.

Biktima kategoria ezberdinak defendatzen dituztenen aurka gaude. Ez dago lehen edo bigarren mailako biktimarik; errespetuak eta aitortzak berdinak izan behar dute guztientzat.

Inork ez du zilegitasunik biktima baten minaren intentsitatea min horren eragilearen arabera neurtzeko.

Hala ere, horregatik, biktima guztien oroimena, sufritu zituzten indarkeriazko ekintzen oroitzapena, ezin da elkarbizitzarako oztopo bihurtu, ezin da gorrotoan eta errebantxa asmoan oinarritu; aitzitik, oroitzapen horrek gizarte kontzienteago, indartsuago eta humanoagoa lortzeko oinarria izan behar du.

Benetan demokratikoa eta heldua izan nahi duen gizarte batek ezin die bizkarra eman beren bizitza berregin nahian dabiltzan eta gaur egun preso, erbesteratuta edo exiliatuta jarraitzen duten pertsonen eskubideei, salbuespenezko lege eta zigor- eta espetxe-neurriak aplikatzearen ondorioz. Horregatik exijitzen dute/exijitzen dugu espetxe legedi arrunta aplikatzea.

Pertsona horien eskubideak errespetatzen badira, gizartera itzultzeko eskubidea barne, hau da, birgizarteratzeko eta haien bizitzak normalizatzeko eskubidea, betiere berriz ez errepikatzeko konpromisoa hartuta eta beraiek egindakoagatik sufritu zuten eta sufritzen duten pertsonekiko begirunezko jarrera zintzoa izanik, batzen gaituzten balioak indartsuagoak izango dira: justizia eta gizatasuna, alegia.

Gizarteratzeko espetxe-sistema demokratikoaren oinarriak bi izan behar dira. Batetik, Giza Eskubideen errespetua, eta, bestetik, ondoko ideia: preso, deportatuta edo exiliatuta dauden pertsonek gizartean berriro integratzeko aukera izan behar dute, zigorrean soilik ez da oinarritu behar.

Ez dezagun ahantzi espetxe legediak beste modu batzuk ahalbidetzen dituela zigorrak betetzeko, espetxean egin beharreko egonaldiaz gain.

Espetxe-politika orok legezkotasun-, berdintasun- eta giza duintasun-printzipioak bete behar ditu, zuzenbide-estatua eta zigorraren birgizarteratze-helburua urratzen duten salbuespenik gabe.

Espetxea ez da sufrimendua luzatzeko tokia izan behar, erreparaziorako eta askatasunean bizitzara erantzukizunez itzultzeko bideak irekitzeko espazioa baizik.

Nelson Mandelak gogoratzen zuen bezala: «Justizia ez da zigorra bakarrik, baita erreparaziorako eta aldaketarako aukera ere».

ETA desagertu zenetik ia 15 urte igaro ondoren zigorra betetzen ari direnen gizarteratzearen alde apustua egitea gizarte humanoago eta kohesionatuago baten alde egitea da.

Elkarbizitzak ez du esan nahi ahaztu behar denik, ezta egiari uko egin behar zaionik ere. Ez da, halaber, memoria guztiak berdintzea edo erantzukizunak desagertzea. Beharrezkoa da gertatutakoa aitortzea eta bakoitzak dagokion erantzukizuna bere gain hartzea. Alde horretatik, ukaezina da hainbat eragile, bai norbanakoak bai instituzioak, bakoitza egoki deritzon erritmoan edo bere inguruabarren arabera, norabide horretan aurrera doazela. Aitortza da aurrera egiteko, konfiantza areagotzeko eta enpatia sortzeko bide bakarra.

Elkarbizitza, batez ere, elkarri erresuminik eta mendeku asmorik gabe begiratzen ikastea da. Memoriari eustea da, arma bihurtu gabe. Kontakizunen aniztasuna onartzea da, balio demokratikoei eta biktima guztien duintasunari uko egin gabe.

Elkarbizitza horrela ulertzeak iritzien eta sentimenduen elkartrukea handitzen lagunduko du, guztion mesedetan.

Euskal Herrian elkarbizitza ez da ahanzturaren emaitza izango, aurrera egiteko borondate partekatuaren emaitza baizik. Harresiak zeuden tokian zubiak eraikitzetik etorriko da; korapiloak zeuden tokian askatzetik; bestea aitortuz, norbera izateari utzi gabe.

Zeregin horretan denok dugu gure tokia, eta gaur, hemendik, lan horretan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure gizartearen etorkizuna ezin baita izan indarkeriaren absentzia soilik, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.