ETAren jardun armatuaren amaiera

Biktimen informazioa biltzeko baliabideak eskatu ditu Argituz-ek

Dokumentazio gabeziak «zigorgabetasun egoera bat» ekar dezakeela ohartarazi du elkarteak

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Indarkeria politikoak eragindako «biktima guztien» informazioa biltzeko baliabideak eskatu ditu Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak. Argituz-en arabera, nabarmena da alor horretan dagoen «dokumentazio falta», eta ohartarazi du «zigorgabetasun egoera bat sortzeko arriskua» ekar dezakeela gabezia horrek. Besteak beste, biktimen harretarako bulego edo leihatila bat sortzea proposatu du, motibazio politikoko biktimak aurkitu eta euren eskubideak aitortuak izateko dituzten aukerez informatzeko.

Argituz-en arabera, instituzioen eginbeharra izan behar du Euskal Herrian jazotako giza eskubideen urraketa guztiak «modu berean» aitortuak izateko politikak garatzea. «Biktima guztiek dute egia, justizia eta ordaintzarako eskubidea, eta ezin da ezberdintasunik egin biktimak edo egileak izan dezakeen orientazio politiko edo beste mota batzuetako arrazoiengatik», dio Nazio Batuen 60/174 ebazpenari erreferentzia eginez.

Eusko Legebiltzarreko Biktimen Batzorde Txostengilearen aurrean agerraldia egin zuen Argituz-ek joan den asteazkenean, eta 1968tik aurrera indarkeria politikoaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketei buruz egin duen txostena aurkeztu zuen han. Ikerketa horren arabera, euskal gatazkaren ondorioz 994 hildako egon dira eta 3.553 zauritu. ETAk 829 hildako eta 2.600 zauritu eragin dituela dio, Poliziak 93 hildako eta 629 zauritu, eta talde parapolizialek 72 hildako eta 324 zauritu.

Txostenaren aurkezpena egiteko orduan, baina, Andres Krakenberger eta Bertha Gaztelumendi Argituz elkarteko kideek nabarmendu zuten zifra horiek hurbilpen bat baino ez direla, eta datu bilketa «etengabea» eta «osatugabea» dela, bereziki Poliziak eta talde parapolizialek eragindako biktimen kasuan.

Hori hala, eta antzeman dituzten hutsuneak betetzeko asmoz, elkarteko kideek zenbait gomendio helarazi zizkieten biktimen batzordeko kideei, eta atzo eman zituen ezagutzera, komunikabideei igorritako txosten batean. «Printzipio eta gidalerro hauek izan behar dute egoera honen aurrean administrazio publikoen ekimenak bideratzeko iparra, eta, aldi berean, orain egin beharreko dekretu eta arautegien gida», dio Argituz-ek.

Gardentasuna eta kontrola

Lehenik eta behin, elkarteak uste du aipatutako gabeziari aurre egiteko biktimen esku baliabideak jarri behar dituztela instituzioek. «Zehazki, aipatutako dekretu eta arautegiek, informazioa biltzeko mekanismo bat jarri behar dute abian, leihatila baten antzekoa, bizirik dauden biktimak edo euren familia kideak gertatutakoen berri eman ahal izateko».

Argituz-en arabera, oso garrantzitsua litzateke biktimekin aurrez aurreko harremana izatea, «ez bakarrik bigarren mailako iturrietatik jasotako informazioa osatzeko asmoarekin, lehenengo pertsonan bizi duten pertsona horiek bilatu eta euren eskubideak aitortuak izateko dituzten aukerez informatzeko xedearekin baizik».

Jasotako informazio hori, halaber, beste iturri batzuetako informazioekin osatu eta erkatu beharko litzatekeela uste du Argituz-ek. «Eginbehar horien ardura duen administrazio publikoak organismo publikoetatik at diren artxiboak aztertu beharko ditu ikertutako biktimen informazioa osatzeko, kasu gehienetan eskasa izango baita».

Argituz-ek ohartarazi duenez, informazio nahikoa ez izatearen edota gertakarien inguruko dokumentazio ofiziala «ukatzearen» ondorioz, «zigorgabetasun egoera bat sortzeko arriskua» egon daiteke. «Kontuan hartu behar da motibazio politikoko biktima gehienek Estatuaren partetik egon beharko lukeen erantzukizunaren falta sumatu izan dutela, eta ondorioz, horrelako prozesu bat martxan jarri nahi bada, orain arte egon ez den gardentasunez beteriko onarpena egiteko bideak aztertu beharko dira».

Hori hala, elkarteak nabarmendu du dokumentazio faltari aurre egiteko baliabideak eta ardurak zehaztu behar dituztela instituzioek. Adibidez, uste du ez litzatekeela egokia izango Herrizaingo Sailak ikertzea polizia taldeekin lotura duten kasuak. Aldiz, biktimak prozesuan parte hartzearen alde azaldu da. «Politika honen jarraipen eta ebaluaziorako sistema bat jarri behar da martxan, gaur egun arte izan diren arazoei aurre egiteko asmoz. Sistema honek biktimen parte hartzea eta kontsulta barneratu behar ditu».

Era berean, elkartea kezkatuta azaldu da torturen kasuan dagoen «hutsunearekin». Uste du alor horretan egiazko ikerketa bat egin behar dela «lehenbailehen». «Tortura kasuei aurre egiteko aurreikuspenik ezari dagokionez, beharrezkoa da torturak edo tratu txarrak salatu dituzten atxilotutako pertsonen ebaluazio legala, medikoa eta psikologikoa aztertzeko prozedura ezartzea, Istanbuleko Protokoloan oinarritua eta Espainiak berretsi eta sinatutako Nazioarteko Zuzenbidean esan bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.